GARA > Idatzia > Kirolak> Txirrindularitza

«Kideei indarrak noiz erabili eta noiz gorde erakusten saiatuko naiz»

p034_f01.jpg

Aitor Perz Arrieta

Footon Servetto taldeko txirrindularia

Dauphine Libere lasterketan uste baino eskasago aritu ostean, Tourretik at ikusten zuen bere burua Zegamako txirrindulariak, baina Giampaolo Cheula italiarraren azken orduko bajak Rotterdamera bidean jarri du, bere bizitzako aurreneko Tourrean izateko. Ezusteko zorte on horri etekina atera nahi dio orain, «ihesaldietan burua erakutsi eta ahal bada aurrean ibiliz».

Arnaitz GORRITI

Footon Servetto taldeak bederatzi debutari izango ditu Tourrean. Oso talde gaztea eramango du Matxinek, baina tartean 32 urteko Aitor Perez Arrieta zegamarra egongo da, gainontzeko taldekideei bere eskarmentua eta ilusioa eskaintzen.

Azken orduko aldaketa honek besteok ezustean harrapatu gaitu. Eta zu?

Tira, aukera hortxe zegoen azkenengo unera arte. Gero bai, bederatzikotea eginda zegoela ikusi da, baina, antza, aldaketa hori egitea aproposa iruditu zaio taldeari eta nik Tourrera doan taldean sartzea lortu dut.

Hala ere, esan behar da Tourrera joateko hasierako taldean egon banengoela egutegia finkatu genuenean; gainera, denboraldi hasiera txukuna egin nuela uste dut. Gero, bada, egia da denboraldiaren bigarren zati honetan pixka bat kostatzen ari zaidala forma onena hartzea. Ez nuen nire mailarik onena eman Dauphine Libere bezalako karrera batean, eta horrek zalantza sortu zuen eta Matxinek erreserban jarri ninduen. Baina tira, azken egunetan prestakuntza ona egin dudala uste dut; azken finean, Tourrean izatea zen nire helburua apiriletik. Oso gogotsu nago. Hasierara ez naiz topera iritsiko, baina egunek aurrera egin ahala hoberantz egingo dut.

Hiru euskaldun izango zarete bederatzikotean.

Bai, Arkaitz -Duran-, Iban -Mayoz- eta ni! Ez genuen halakorik espero egutegia finkatzean, baina begira, hor gaude, prest. Gainera, elkarrekin ongi konpontzen gara; hori oso garrantzitsua da kanpoan hainbeste egun pasa behar dituzunean.

Behin bederatzikoan sartuta, zein ekarpen egin diezaiokezu taldeari?

Guk ez daukagu sailkapen nagusira begira taldebururik; Capecchi eta Duran etorkizunera begirako txirrindulariak dira, eta oraindik ezin zaie gehiegi eskatu. Beraz, nire betebeharra ez da liderrari laguntzea izango. Aldapan hobe ibiltzen dira batzuk, ordekan edo esprintean beste batzuk, baina nik uste denak ere antzeko txirrindulariak garela. Bada, gure helburua ihesaldiak bilatuz protagonista izatea da. Nik uste etaparen bat gertu izan dezakegula; horretan zentratuko gara.

Talde gazte honen barruan, eskarmentua ere ipiniko duzu?

Tira, bai. Hiru itzuli handi egin ditut eta esperientzia pixka bat badaukat. Egun asko izaten dira itzuli handietan eta gazteei erakutsi behar zaie egun batzuetan dena eman behar den bezala, beste batzuk lasai hartu eta errekuperatzeko direla. Indarrak gorde eta noiz erabili erakusten saiatuko naiz.

Zeintzuk izan daitezke «zuen» etapak?

Etapa guztietan nabarmen gaitezkeela uste dut. Gorantz ondo dabiltzan txirrindulariak baditugu, baita ordekan eta esprintean ondo ibiltzen direnak ere. Batez ere bigarren astetik aurrera, sailkapen nagusia erabakitzen hasi eta ihesaldiak sortzen hasten diren unetik aurrera, azaldu behar dugu. Ahaleginik behintzat ez da faltako eta etaparen bat gertu izango dugu.

 
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo