GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

Merkel ataka gaiztoan jarri dute bere aldekoek

Aurretik adituek esana zuten atzo Angela Merkelek egoera politiko latza biziko zuela Asanblea Federalean. Aurreikuspen horiek erabat gainditu ziren, nolanahi ere, kantziler denetik bere unerik txarrena igaro zuen-eta. Alemaniako presidente izateko berak izendatutako hautagaiak, Christian Wulff-ek, ez zuen babes nahikorik Gobernua sostengatzen duten ordezkarien artean eta hiru bozketa behar izan zituen kargua lortzeko, gehiengo soilez. Asanblean dagoen botere banaketari begiratuta, tramite hutsa izan behar zena zenbait ordezkari kontserbadore eta liberalen barne errebolta bihurtu zen eta, ondorioz, Merkel sostengatzen duen koalizioak bizi duen krisiaren erakusgarri. Egia da azkenean Wulff hautatua izan denez, Merkelek jasandako kalte politikoa moteldu egin dela, baina krisiak bere horretan dirau. Gainera sozialdemokratek sinesgarritasuna irabazi dute, askorentzat Joachim Gauck beren hautagaiak duen ospe onari esker. Die Linkek, bestalde, Alemaniako politikan gero eta pisu handiagoa duela erakutsi du, lehendabizi bere hautagai propioa aurkeztuz eta hirugarren bozketan abstenituz. Gaucken joera atlantista eta antikomunista kontuan hartuz, ezkertiarrek ezin zuten babestu. Bestetik, barne mailan dituen arazoei Merkel atzerritik jasotzen ari den kritikak eta erasoak gehitu behar zaizkie.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo