GARA > Idatzia > Euskal Herria

Kronika | Irungo alardea

Ohiturari eusten dion alarde parekidea posible dela erakutsi dute Irungo sanmartzialetan

Irribarrea ezpainetan eta danbor eta txilibituen erritmora, giro bikainean desfilatu zuten atzo Irunen alarde parekideko lagunek. Urtez urte gero eta gehiago dira alarde honetara batzen direnak, eta aurten ere hautsi dute marka. Emakume eta gizonezkoak jasotzen dituen alardea sendotzen ari bada ere, alarde bakarra osatzea lortzeke dago oraindik.

p0016_f0278131.jpg

Janire ARRONDO

Goizeko lehen ordurako gizonezkoen alardea Irungo kaleetan desfilatzen ari zen bitartean, 10.00ak inguruan Urdanibia plazan alarde parekideko kideak desfilatzen hasteko prestatzen ari ziren. Goitik behera, ohiturak agintzen duen bezala jantzita, ehunka soldadu ageri ziren Moskun; lo begiak ezkutatzeko eguzkitako betaurrekoak jantzita bat edo beste zein urduritasunari nola eutsi ez zekitela beste asko. 1.200 kide inguru bildu zituen atzo alarde parekideak. Zenbatezinak ziren, berriz, kale ertzean txaloak, agurrak eta animo oihuak botatzen aritu zirenak.

Parte hartzaileek «lasaitasuna» nabarmendu bazuten ere, begi-bistakoa zen jaia ez dela normaltasunez ospatzen oraindik. Batetik, oraindik emakumearen presentzia bermatze aldera bi alarde egin beharrean direlako. Era berean, jai eguna izanda kaleetan Ertzaintzaren hainbat furgoneta eta istiluetarako materialez hornitutako poliziak ikusteak ere ematen zuen zer pentsatua.

Jai giroa barneraino sartuta beraz, lehen tiro hotsekin batera eta eguzki potoloa gainean zutela irten ziren Urdanibia plazatik alarde parekideko kideak. Zaldunak, kantinerak, soldaduak eta gainerako guztiak txilibituaren erritmora martxan jarri orduko lehertu zen festa kalean. «Gora Irun! Gora San Martzial!». Ilusioa eta poza nabari zitzaien parte hartzaileei, baita begira zeudenei ere, eta ez zen gutxiagorako. Urtez urte, jaia kalera ateratzeaz gain, aldarrikapenez josten baitituzte bazterrak. Hala, Irunen beste behin emakumeak ere, gizonen pare, alardean nahi dituztela argi utzi zuten. Emakumeek ere alardearen parte izan nahi dutela.

Alarde parekidea irtetear zela, inguruan amaitu zen gizonezkoena. Hala, Irunen bi alardeen artean iskanbila egon arren, lehenbizikoari begira egon zirenetako asko bigarrena ikusteko lekua hartzera joan ziren azkar. Alarde diskriminatzailean parte hartu zuten mutil ugarik ere, euren jantzi eta eskopeta eta guzti, bide ertzean jarri ziren parekideak euren ibilbidea nola hasten zuten begira. Egia da, hala ere, bazela emakumeen parte hartzearen aurka lotsarik gabe ozen aritu zenik ere. Emakume batek ezin uler zezakeen alboan zuen gizonak zergatik txalo egiten zien desfilean zihoazen emakumeei, berarentzat jaia oztopatzen zuten, «ezin zen bidea gurutzatu!». Tartean hamarren bat urteko neska gazteak ama galderaz josi zuen, alarde mistoari begira zeudela. Hark aita atera ohi den alardean irten nahi omen zuen, baina, neskek ezin zutenez, amari berak ere beste honetan parte hartuko zuela esaten zion.

Alardeko komandante Ander Errazkinek azken urteotan desfilea «lasaitasunez» egiten dela nabarmendu nahi izan zuen: «Lehen iskanbila gehiago izaten zen eta jendea oldarkorrago zegoen». «Orain begiratzen dute, onartzen dute, ikusten dute eta nik uste gustatu ere egiten zaiela», esan zuen irribarrez.

Hondarribian ikusi izan diren muturreko mespretxu edo gutxieste keinurik ikusten ez bada ere, bada Irunen emakumeak soldadu, zaldun zein «atxero» ikustea onartzeko prest ez dagoenik. Orokorrean istilurik gabeko jaia izatea lortu badute ere, normaltasuna oraindik urrun dagoela esan daiteke. Urdanibiatik irten eta udaletxe aurreko San Juan plazara iristean Jose Antonio Santana (PSE) alkateak ez zuen alarde mistoa udaletxeko balkoitik hartu, lehenxeago alarde diskriminatzailea bai, hura agurtu zuen.

Kargatu armak... tiro!

Lehen geldialdia, beraz, San Juan plazan egin zuten. Eguzkipean bero egiten bazuen ere, gurdietan bazuten munizioa: edari freskoa! Konpainia guztietako kideek zuzen eta tente, guztiak Ainhoa Ruiz de Arbulo jenerala bertara sartzeko zain. Aurtengoan bigarrenez bete zuen Ruiz de Arbulok jeneral papera, iazkoarekin izan zen inoiz Irungo alardean izan duen lehen emakumezko jenerala. Zaldi gainetik soldaduei begi-kolpe bat eman... «kargatu, armak gora, tiro!» oihukatzean burrunba hotsa nagusitu zen. Birritan egin zuten gauza bera, txalo, salto eta algara artean.

Irungo alkateak, ohi duenez, alarde parekidekoak agurtu nahi izan ez bazituen ere, udaletxeko balkoian zegoen alarde «tradizionalekoak» iritsi zirenerako. Horiek goizeko 7.40ean garaiz atera ziren Urdanibia plazatik. Emakumeek soilik kantinera gisa hartzen dituen alardea da honakoa eta guztira 19 konpainiak osatzen zuten. Goiztiar, alarde diskriminatzaileak ere obrak zirela-eta txukundu behar izan zen San Juan plazan egin zuen lehen geldialdia. Plaza hesiz inguratua bazegoen ere, ez zen arazorik izan gizonezkoen alardean irten ziren 8.000 lagunak jasotzeko. Hala ere, Satur Irigoyenen sarrera lauhazka bizian egitea ezinezkoa izan zen. Behin tiroak eginda, hiriko kaleetan barrena jarraitu zuten espaloi bete jende txaloka zutela.

Instituzioen babesa

Geroago zetozen alarde parekidekoei harrera egin eta euren babesa ematera hainbat alderdi politikotako ordezkariak bildu ziren udaletxeko arkupetan. EAko, ezker abertzaleko, EBko eta Aralarreko ordezkariak zeuden bertan. Baita Emakundeko zuzendari Maria Silvestre eta EAEko ararteko Iñigo Lamarka ere. Prentsa aurrean Silvestre emakumeak «gizonen mailan» jai ekitaldi publiko eta herrikoietan parte hartzearen alde agertu zen. Era berean, Emakundeko zuzendariak azaldu zuenez, «hala nahi duten emakumeek ospakizun honetan berdintasunean parte hartzeko eta oztopoak gainditzeko behar diren neurriak hartzea instituzio publikoen egitekoa da». Egiteko hau «konstituzionala», «estatutarioa» eta «legezkoa» da, Silvestreren ustez.

Areago, ohartarazi nahi izan zuen «Irungo jaiek edozein ospakizun edo tradizioren oinarrizko funtzioekin apurtzen dutela, hain zuzen ere, bereizketa soziala instituzionalizatu eta normaltzen ari direlako, kohesioa bultzatu beharrean». Aldarrikapenez bustitako unearen ondotik, Irungo sanmartzialek bere-berea duten alardea bakarra eta emakume zein gizonez osatua izateko ametsa barruan dutela jarraitu zuten gizon eta emakumeek desfilatzen. Oraindik ibilbidea hasi besterik ez zuten egin. Elizara joan eta kanpaien soinuarekin egin zuten jaitsiera giro betean. Handik eguerdirako, abiapuntura itzuli eta berehala amaiera eman zioten konpainiek desfileari.

Ongi merezitako atsedena hartzera zelaietara jo zuten lagun batzuk zuhaitzen itzal bila, baina gehienek txosnetarako bidea hartu zuten. Oraindik aurretik zuten arratsaldeko desfilea; honetan alarde parekidea atera zen lehendabizi, 17.30ean, eta ordubete geroago diskriminatzailea.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo