GARA > Idatzia > Ekonomia

Busturialdeak irtenbide «egingarriak» behar dituela uste du ezker abertzaleak

Busturialdeko ezker abertzaleko alkateek agerraldia egin zuten atzo, eskualdeari buruz azkenaldian esan direnez beren iritzia eman eta EAJk eta PSEk agertutako jarrera salatzeko. Beren ustez, talde jeltzalea da Urdaibairen gainbehera ekonomikoaren erantzule nagusia.

p024_f01_148x108.jpg

GARA |

Urdaibaiko etorkizunaren gainean gauza asko esan dira azken asteotan, eta hainbat tirabira ere sortu dira eskualdeak bizi duen egoerari buruz iritzia eman duten instituzioen artean. Bizkaiko Aldundiak bultzatzen duen Guggenheim berriaren proiektua dela edo Lakuako Gobernuak aurkeztu duen egitasmoa dela, zalaparta handia izan da. Aldiz, batzuek zein besteek entzungor egin diote eskualdeko herritarren iritziari.

Horixe bera salatu zuten atzo Busturialdeko ezker abertzaleko alkateek, Busturiako udaletxean eskainitako prentsaurrekoan. Bertan, auziari buruz duten iritzia emateaz gain, aipatutako instituzioen egitasmoak «Urdaibaiko biztanleriaren partaidetzaren ukazioan eta iritzien mesprezuan oinarriturik» daudela salatu zuten.

«Erantzule nagusia»

Agerraldian, Busturiako alkate Andoni Elorrietak, Ajangizko alkate Koldo Carbonelek, Gautegiz-Arteagako Lourdes Bilbao alkateak eta Gernikako alkateorde Jesus Mari Alberdik hartu zuten parte, eta salaketa garbia egin zuten: «Urdaibai azken urteotan sufritzen ari den gainbehera sozioekonomiko gordinaren erantzule nagusia azken 30 urteotan Jaurlaritzako zein Aldundiko arduretan jaun eta gabe izan den EAJ da». Beren iritzirako, alderdi horrek eskualdearen etorkizunerako egin duen apustua «erabat partziala eta iraganeko eredu turistiko eta urbanistikoetan oinarritutakoa» da. Ildo berean, «lotsagarritzat» jo zuten «EAJk Foru Aldundiaren ahotik zein PSEk Eusko Jaurlaritzaren ahotik `elkarrizketa' eta `adostasuna' hitzak aho bete erabiltzea», batzuek zein besteek «interes alderdikoi eta elektoralak» besterik ez baitituzte eta Busturialdeko etorkizuna interes horien mesedetan jartzen baitute.

«Urdaibain -gaineratu zuten- ez dugu behar irtenbide magikorik, egon ez daude eta». Aldiz, eskualdeko izaera eta ezaugarrietan oinarritutako «benetako irtenbide errealak eta egingarriak» ezinbestekotzat jo zituzten. Eta gogora ekarri zuten hori lortzeko «benetako plan estrategikoa» aspaldi egina dutela; hain zuzen ere, eskualdeko eragileen artean 1998an hitzartu eta dekretu bidez onartutako plana. Izan ere, nabarmendu zutenez, plan estrategiko horren helburua «jarduera sozioekonomiko guztiak bultzatzea da», betiere Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren izaeraren baitan jasotako orekaren printzipioari jarraituz.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo