GARA > Idatzia > Euskal Herria

Sukalki Egunarekin agurtuko dituzte bihar jaiak Mungian

Azken txanpari helduko diote asteburu honetan Mungiako jaiek. Bi egun eskas geratzen dira San Pedro jaiei datorren urtera arte agur esateko, baina oraindik ere geratzen da zer ikusi, egin eta gozatu. Betagarrik kontzertua eskainiko du gaur gauean txosnetan eta, urtero bezala, Sukalki Egunarekin bukatuko dira bihar. 1960ko hamarkadan lagun koadrila batek proposatutako ideia mungiarren artean errotuta dago aspalditik.
p019_f02.jpg

Manex ALTUNA |

Urtero legez, Sukalki Egunarekin amaituko dira bihar Mungiako San Pedro jaiak. Amilotx dantza taldea arduratuko da antolakuntzaz eta Bizkaiko Bertsolari Txapelketarako sailkatu diren bertsolariak, Mikel Goiriena eta Olatz Ibarluzea, izango dituzte sariak banatzen. Ezagutzen ez dutenentzat, biharkoa mungiarren festa bereziena izatea lortu duen egun osoko herri ekimena da. 56 urte beteko dira aurten, herriko lagun koadrila bati lehenengo Sukalki Eguna egitea bururatu zitzaionetik.

Frankismo garaia zen eta ideia abian jartzea proposatu zuten gehienak abertzaleak ziren. Alkatearen onarpena jasotzeko kultur ekintzak antolatzeko helburuarekin Danak Bat elkartea eratu zuten herriko apaizaren laguntzarekin. Ondarroako eta Bermeoko Arrantzale egunak eta Getxoko paella txapelketak hartu zituzten oinarri Sukalki Eguna gauzatzeko. Finean, gastronomia lehiaketa bat da eta ezberdin egiten duena prestatu beharreko jakia erregosia izatea da. Bestalde, jai giroan guztiz murgiltzeko zuriz eta urdinez jantzita joatea gomendatzen dute.

Hasieratik izan zuen festak arrakasta mungiarren artean eta, nabarmendu dutenez, irudimena, umorea eta festa gogoa lehen ediziotik uztartu ditu. Izan ere, oraindik egiten jarraitzen den herri danborrada inprobisatua horrela jaio zen. Bazkalostean txistulariak jotzen hasi ziren eta horien atzetik hainbat jende altxatu zen, plater, eltze, zartagin eta botilekin erritmoa jarraituz.

Horrekin batera, giroa arratsaldeko seietan hasten da benetan berotzen. Txikuri fanfarrearekin egiten den kalejiran. Erregosia dastatu ondoren, udaletxerantz abiatzen da jende guztia giro bikainean eta balkoietatik ura botatzen diete. Foruen plazan erromeria izango da Roberto eta Kepa trikitilariekin eta, gauerdian, zapiak eta Marijata erreta agurtuko dituzte festak.

Baina horren aurretik gaur hainbat ekitaldi izango da. Betagarrik txosna gunera ekarriko dituen ska doinuak batuko du jende gehiena ziur asko. Horiekin batera herriko gazte talde batek osatutako Boys of Birle arituko da taula gainean.

Nagusien eta Umeen Eguna ere ospatuko da egun osoan. Nagusiek mezarekin abiatuko dute eguna eta, gero, Areatzako musika bandak kontzertua eskainiko du. Bazkaria eta dantza saioak ere izango dituzte. Umeek berriz, jokoz beteriko parke bat eta DJ Xaibor izango dituzte. Emakumezkoen nazioarteko errugbi txapelketa eta profesionalen arteko pala partidak ere izango dira.

Herriko jendea

Jaietan ez da kexarik izan orain arte, baina aurreko urteetan baino jende gutxiago ibili da. Aurten, sanpedroak hain goiz abiatu izanak kanpoko jende gutxiago erakarri du, antza. Izan ere, aste barruan -asteartean izan ezik- eta lehenengo asteburuan izandako ekitaldietan herriko eta inguruetako jendea nagusitu da, ez da beste urte batzuetako auto ilara eta jendetzarik ikusi.

Bigarren asteburu honetan, eguraldiak laguntzen badu behintzat, jende gehiago gerturatzea espero da. Batez ere, gaur, izan ere, larunbat gauean txosna gunea eta tabernak leporaino izaten dira. Betagarriren kontzertuak ziur giroa berotuko duela eta, esan bezala, biharko Sukalki Eguna geldituko da.

NAGUSIAK

Danontzat erretiratuen elkarteak antolaturik, Nagusien Eguna ospatuko dute gaur. Areatzako musika banda izango da goizean eta gero herri bazkaria eta dantzak etorriko dira.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo