GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

Sokatira Euskal Herriko Txapelketa

Goiherrik ezin du 600ekoa erabakita uzteko aukera galdu

Berdeak txapela lortzetik oso gertu geratuko dira gaur 17.30etik aurrera Amoroton irabazten badute, alde nabarmena lortuko baitute.

p036_f01.jpg

Jon LEUNDA

Goiherrik 600 kiloko txapela ia erabakita uzteko aukera paregabea izango du gaur arratsaldean, Amoroton, 17.30etik aurrera jokatuko den saioan. Bigarren jardunaldia izango da gaurkoa, eta, lehenengoan erakutsitako nagusitasuna berresten badute, zaila izango da norbaitek berdeei txapela kentzea.

Lehen jardunaldian Gaztedi talde mistoa izan zuten aurkaririk gogorrena. Laukizkoek bost mutil eta lau neskek osatutako taldea zuten, baina lagun bat gehiagorekin aritu zirenez eta pisua ere handiagoa zutenez, gainerakoek hori nabaritu zuten. Gorriak gaurkoan ere saiatuko dira Erandiokoak estu eta larri hartzen eta datorren astebururako gauzak zailtzen.

Aresok eta Mutrikuk ere azkeneko aukera dute txapela lortzeko itxaropenei eutsi nahi baldin badiete, gaur garaipena lortu ezean txapela lortzeko aukerarik gabe geratuko baitira bai gipuzkoarrak bai tiralari nafarrak ere.

Gainerakoak, Goiherri B, Getxo eta Gaztedi, azkeneko postutik ihes egiten saiatuko dira, eta Amoroton tiraldi batzuk irabaztea izango da beraien helburu nagusia.

Harri-zulatzea

Herri asko izan dira jaietan azkeneko egun hauetan, eta harri- zulatzaileek Ligako hainbat jardunaldi eta Binakako Txapelketako kanporaketa bat jokatzeko baliatu dute.

Ligan bi jardunaldi jokatu dira. Bata, orain dela bi aste Muskizen bertan behera geratu zena berreskuratzeko, eta, bestea, Galdamesen jokatu dena. Bietan Txorierri izan da nagusi, eta, horrenbestez, sailkapen nagusiko lehen postua indartu du.

Galdamesen Txorierrik 22 zulo eta 5,5 zentimetro egin zituen. Bigarren Kabiezes sailkatu zen, 22 zulo eta 5,2 zentimetrorekin. Burdin Gazteak, Gallarta, Trapagaran, Las Karreras, Errekatxo eta KZ Kolpeka sailkatu ziren beraien atzetik.

Muskizen, berriz, garaipen erosoagoa lortu zuen Txorierrik 22 zulo eta 8,8 zentimetro zulatuta. Bigarren Kabiezes sailkatu zen berriro ere, baina oraingoan 19 zulo eta 7,8 zentimetro zulatu zituzten santurtziarrek. Atzetik, Burdin Gazteak, Trapagaran, Las Karreras, Errekatxo eta KZ Kolpeka sailkatu ziren.

Sailkapen nagusian Txorierri dago lehen postuan 39 punturekin; bigarrena Kabiezes da 34 punturekin eta hirugarrena Burdin Gazteak 33 punturekin. Atzetik, Trapagaran, Gallarta, Las Karreras, Errekatxo eta KZ Kolpeka daude.

Kabiezesen, berriz, Binakako Txapelketako kanporaketa jokatu da, eta Hidalgo-Gartzia nagusitu dira 16 zulo eta 8,7 zentimetrorekin. Arroyo-Martinez eta Duran-Romero sailkatu ziren beraien atzetik.

Emakumezkoek beren mailarik onena eman nahi dute Aiako estreinaldian

Taldekako giza-proba moda-modan jarri den kirola da. Mutilen taldeak geroz eta gehiago ari dira agertzen, eta orain emakumezkoak ere hasi dira lanean, eta horiek ikusteko aukera izango da bihar 18.00etatik aurrera Aian, Andatza auzoko probalekuan.

Aiako Uhartemuño taldea eta Zumarraga eta Legazpi inguruko Izazpi taldea lehiatuko dira nor baino nor. Azken horiek erakustaldiren bat edo beste egina dute aitzinetik, baina aiarrek lehen aldia izango dute plazan.

Talde bakoitzean zortzina kirolari arituko dira, eta 400 kiloko harria erabiliko dute arrastaka. Ikusmin handia dago, eta jende asko izango da saioa jarraitzen. J.L.

Gaztedi mistoa

Gaztediko talde mistoa izan zen bigarren lehen jardunaldian. Goiherri estu samar hartu zuten lehen saioan, eta bigarrengoan gainditu egin nahi dute. Mutilekin eta neskekin osatutako taldea lehen aldiz ari da lehiaketa ofizial batean.

Areso eta Mutriku

Gipuzkoarrek eta nafarrek ere badute oraindik txapela lortzeko aukera, baina horretarako gaurko saioa irabazi beharra daukate. Hori lortu ezean, lehen postuan amaitzea ia ezinezkoa izango dute.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo