GARA > Idatzia > Kirolak> Pilota

«Jotzailea naiz eta kolpea dudala esango nuke, baina galdu ere dezente egiten dut»

p038_f01.jpg

Jon Ander Albisu

Asergaceko atzelaria

Gaur egingo du debuta Tolosako Beotibarren Jon Ander Albisuk, Ataungo lehen pilotari profesionalak. Atzelariak hiru urtetik gora eman ditu Asegarceko pilotariekin lanean, Anizeto Lazkanoren begiradapean. Azkenean, iritsi zaio zuriz janzteko eguna. Lagun handia duen Ekaitz Saralegi aurrelari duela, Lemuno lapurtarraren eta Oier Mendizabalen aurka jokatuko du lehen partida.

Jon ORMAZABAL

Hogei urte besterik ez dituen arren, hiru daramatza jada Asegarceko pilotariekin entrenatzen. Lan asko egin ondoren, profesional bezala debuta egiteko aukera heldu zaio.

Nola aurkitzen zara debutaren egunaren atarian?

Ondo aurkitzen naiz, eguna iritsi da eta benetan gogotsu nago; ea dena ondo irteten den. Momentuz ondo daramat, baina ea larunbatean nola jaikitzen garen. Urduritasuna kontrolatu ahal izatea espero dut; egun handia izango da eta ea gurea behintzat ematen dugun.

Denbora dezente zeneraman Asegarceko profesionalekin entrenatzen. Luze egin al zaizu?

Orain dela hiru urte eta erdi edo, Anizeto Lazkano etorri zen Ataungo frontoira, entrenatzen ikusi ninduen eta Asegarce enpresarekin entrenatzera eraman ninduen. Hiru urte edo eman ditut bere aginduetara entrenatzen eta azkenean heldu da eguna.

Egia esan, ondo eraman dut. Egunen batean saltoa emateko esperantza izaten duzu beti, baina tartean partidak izan ditut eta ez da horren luzea egin.

Norekin aritu zara entrenatzen?

Anizeto izan dut beti alboan. Egia esan, laguntza handia eman dit. Berak sartu ninduen eta oso gustura nago. Asegarceko pilotari handi denekin aritu naiz: Olaizolarekin, Beginorekin, Apraizekin...

Eta nola moldatu zara?

Oraindik asko falta zaigu, gauza asko ikasi beharra dugu, baina pixkanaka-pixkanaka hobetzen joango gara eta ea goi mailara iristen garen.

Aldaketak beldur handia ematen al du?

Aldaketa ez da horrenbestekoa izango: entrenatzen profesionalekin aritzen naiz, pilotak ere antzekoak dira... Noski, desberdina izango da eta jende pila bat egongo da ikusten, baina ondo arituko naizela uste dut.

Profesional mailako lehen partidan Ekaitz Saralegi laguna izango duzu aurrelari. Lasaiago aritzeko balioko al dizu?

Azken hiru edo lau asteotan asko entrenatu dugu biok elkarrekin; lagun handia dut Ekaitz. Orain, gainera, jokoz oso ondo dago; pilota zail asko kendu eta errazak uzten dizkizu. Lagun oso ona da, asko hitz egiten dizu eta horrek lasaitasuna ematen du kantxan.

Helbururik jarri al diozu zure buruari?

Lehen partidari begira, irabaztea baino gehiago, nirea eman eta itxura ona ematea. Irabaztea oso polita litzateke, baina lehen helburua pixkanaka hobetzen joatea da.

Ezagutzen ez zaituen zalearentzat, nola deskribatuko zenuke zure burua?

Nik esaten dut jotzailea naizela, kolpe handia dudala, baina galdu ere dezente egiten dugula. Konstantzia bat bilatzen ari gara entrenamenduetan, eta ea lortzen dugun gora iritsi ahal izateko.

Pilota munduan erreferente edo idolorik ba al daukazu?

Idolorik, horrela esatearren, ez daukat. Hori bai, Aimar Olaizola bera, niretzat, pilotari hoberenetakoa da, beti buruarekin jokatzen baitu. Ez da partidetatik irteten eta bere buruarengan konfiantza izaten du.

Ematen duenez, goi milako enpresatan toki bat egitea gero eta zailagoa da. Sartu ahal izatea ez zen erraza izango...

Txiki-txikitatik izan dudan ametsa da. Afizionatuetan maila izugarria dago, gora egiteko jende dezente gaude, eta, krisia dela eta ez dela, egia da zailagoa dela profesionaletara saltoa ematea. Aldiz, lortu dugu eta orain aprobetxatzen saiatu beharra dugu.

Gogoan dudala, Ataunen ez da sekula pilotari profesionalik izan. Nola hartu du berria herriak?

Hala da, orain arte ez da pilotari profesionalik egon. Afizionatuetan goian ibili direnak bai, baina profesionalik ez. Aurrenekoa izanda, ilusioz gainezka dago jendea eta autobusak ere antolatu dituzte Tolosara partida ikustera joateko. Alde horretatik, oso gustura nago. Jende gehiago gerturatzen zaizu orain, baina, hala ere, lasai antzean nabil.

Denbora zen Gipuzkoako pilotari batek debutik egiten ez zuela. Zer-nolako egoeran dago afizionatu maila Gipuzkoan?

Maila izan badago, baina konpetentzia ere oso handia da. Puntan pilotari asko ibiltzen dira Gipuzkoan, baina zortea ere behar da saltoa emateko.

Pilotaz aparte, ikasten ari zara? Beste lanen bat egiten al duzu?

Ikasten ari naiz, goi mailako mekanizazio modulu bat hain zuzen ere. Lehen urtea bukatu dut eta orain bigarrena egin behar dut. Hori bai, pilotan jarraitu nahi nuke. Oraingoz gainditu ditugu ikasgaiak eta ez da gutxi.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo