GARA > Idatzia > Kultura

Euriak eta haizeak kontzerturik gabe utzi dute EHZ jaialdiko lehen gaua

Euriak eta haizeak erabilgaitz utzi zuten atzo Euskal Herria Zuzenean jaialdiko agertoki nagusia. Bi zauritu ere izan ziren ekaitzaren ondorioz. Egoera ikusita, lehen gaueko animazioak bertan behera gelditu ziren. Jaialdiko azken bi egunak ere zalantza bizian dira; gaur jakinen da jaiak segituko duen edo ez, aseguru etxeko arduradunekin bildu ondoren. Gertatutakoaren ondorioz, Heletako plaza bilakatu zen atzo hasitako jaialdiaren bilgune.

p039_f03_148x100.jpg

Idoia ERASO | HELETA

Arratseko zazpiak eta erdiak aldera hasi zen hogei minutu inguruz luzatu zen ekaitz gogorra. Baina minutu eskas batzuk aski izan ziren hilabete luzez egindako lan gogorra erabat zapuzteko. Izan ere, atzo gauerako aurreikusitako ekitaldi guztiak bertan behera gelditu ziren eta hurrengo egunetan zer gertatuko den gaur goizean erabakiko dute antolatzaileek jaialdiko aseguru etxearekin hitz egin ondoren. Deliberoa, hartua izan eta berehala, Euskal Herria Zuzenean jaialdiaren webgunean emanen da ezagutzera. Dirua ez da gunean bertan bueltatuko; horren berri ere emango dute arduradunek.

Haizearen eta euriaren ondorioz, karpak lurrera erori ziren, agertoki nagusia urez bete zen eta argiztapen dorrea erori egin zen. Ekaitzaren ondorioz bi pertsona ere zauritu ziren eta ospitalera eraman behar izan zituzten anbulantziaz. Dirudienez, ez daude larriki zaurituta.

Meteo Francek larrialdi egoera laranja gau guztirako deitua izatea gertatutakoaren adierazgarri da. Hori bai, gaur goizerako larrialdi egoera bertan behera geratzea espero da.

Hastapenean, eszenatoki handiko kontzertuak utzi zituzten bertan behera, pentze osoa jendearentzako ixteaz gain. Egoera ikusita, larrialdiko bilkura egin zuten antolatzaileek. Herriko Etxearekin batera, segurtasun eta administrazio batzordeko kideak bildu ziren. Agertoki handia erabilgaitz izanik, zalantza karpa azpiko eszenatoki txikia erabiltzerik zuten zen. Azkenik, bertan ekitaldiak eginez gero aseguru etxeak dirua itzuliko ote zuen beldur, gau osoko animazioak utzi zituzten bertan behera.

Kalteen ondorioz, denbora batez musika erabat moztu behar izan zuten herri guztian zehar; jende guztia biltzen zuen plazan ere ez zen inolako doinurik entzuten. Alerta laranja zela-eta, badaezpada hartu zuten neurria, azkenean derrigorrezkoa izan ez bazen ere. Bestak arazo guztiei aurre egiten dakienez, kantuaren bitartez segitu zuten giroa pizten zenbait festibalarik.

Normalean bestaren gune nagusia izaten den pentzea ekaitzaren ondorioz guztiz erabilgaitz gelditu zen, lokatzez gainezka. Lokatza kanpadendak jartzen diren gunean ere zabaldu zen. Enbataren ondorioz, zenbait denda beraien oinarrietatik aterata ere bazeuden. Egoera ikusita, zenbaitek festibala uztea eta etxera bueltatzea deliberatu zuten. Aldiz, bestak beti ditu bere lagunak; hala, batzuk jaialdia uzten zuten bitartean, beste batzuk dendak erabat bustitako larreetan ezartzera abiatzen ziren.

Jaialdiaren 15. urteurrena

Euskal Herria Zuzenean festibalak 15 urte betetzen dituen edizioan orain arte ikusi gabeko egoera bizi izan da. Edizio honetan oinarrietara bueltatzea zen asmoa; jaialdiak jaioterri izan zuen Arrosako urteetara itzuli eta garai horretako espiritua berreskuratzea. Festibala sortu zeneko filosofiari loturik, komunikazio libreari eman diote protagonismoa berriz ere.

Euskal Irratien kolaborazioarekin sortu zen festibala, Euskal Herri osoko irrati libreen bilgune bilakatuz. Hori gaurkotasunera ekarriz, irrati libreak biltzen dituen Arrosa sareak bilkura Heletan egiteko asmoa zuten. Izan ere, egoerarik zailenetan ere, EHZ jaialdiak proiektu berrien sortzaile izaten segitzen du. Atzera begirako omenaldiarekin bat, sorkuntzekin bat egitea zen xedea.

Beti irratiari loturik, festibalak gaur goizean gazteentzako irratsaio bat egiteko asmoa zuen. «Gazte Zaparrada» izeneko saioaren helburua kanpadendetako gazteak iratzartzea zen. Ikusiko da azkenean egiterik dagoen.

Ekhi Erremundegi, Izarne Molina eta Itsaso Cuebasek gazteei deia zabaldu eta euskal gazte mugimendua pizteko asmoa dute. Uztailaren 15etik aurrera Interneten ere izanen dira; hain zuzen ere, www.gaztezaparrada.info helbidean. Euskal gazteriaren bozgorailu izan nahi dute saioko bultzatzaileek.

Arratsaldean giro onean abiatutako festibalak ezin izan zion gauari eutsi

Gurean ez dira asko izango 15 urte segidan irauten duten festibalak. Euskal Herria Zuzenean da horietako bat. Akaso, bakarra. Iraute hutsa gutxi balitz, EHZren meritua handiagoa da kasik, jakinik jaialdiaren antolakuntza herri mugimendutik sortzen dela, eta bertan duela bere sostengua. Musika eskaintza aberatsa, era eta molde ezberdinetako taldeak, eta kale animazio ekitaldiak dira festibalaren ardatzak, betiere entzulea entzule hutsa izatetik festaren parte izatera animatuz. Heletak hainbat gune antolatzeko aukera eskaintzen du; horrenbestez, agertoki eta areto ezberdinak ditu jaialdiak giro anitzeko musikak lantzeko. Musika talde ospetsuek, bidea egiten ari diren bandek zein talde sortuberriek dute tokia festibalean. Hori du bere aberastasuna, eta horretan aldentzen da gisako jaialdi erraldoietatik. GibelHerri gunean arituko dira artista ezagunenak: gaurtik aurrera Rinocerose, Berri Txarrak edota Rachid Taha izango dira oholtza handia hartuko dutenak. Inolako zalantzarik gabe, talde horiek izango dira zaletu gehien erakarriko dituztenak. Urbeltzeta gunean berriz bidea egiten ari diren musika taldeak ikusteko aukera izango da. Euskal taldeen presentzia nabarmena izango da: Bizardunak, Gose, Zea Mays, Mister Xaguak... Atzerriko talde interesgarriak ere jasoko ditu Urbeltzeta guneak. Bi eszenatokiak tartekatuz, musika etengabe entzun ahal izango da arratseko lehen orduetatik gaueko ordu txikietara. Hala ere, gune xumeagoak ere baditu EHZ jaialdiak. Itsasoa gunean, esaterako, bestelako musikak entzun daitezke. Atzo, Mursegoren proposamen ausarta eta Napoka Iria bikoaren musika ederra entzuteko parada izan genuen. Areto txikia da, eserlekuekin hornitua eta musika lasaiki entzuteko modukoa. Herriko plaza ere jendez betetzen ari ziren arrats erdirako, txaranga doinuekin dantzan abiatu berri zen festibalari indarrez ekiteko asmoz. Tamalez, gauerako iragarritako emanaldiak bertan behera gelditu ziren izandako euri jasaren ondorioz. Festibalak hamaika oztopo jasan behar izan ditu azken 15 urteotan, baino ez atzokoa bezalako euriterik. Koldo OTAMENDI

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo