GARA > Idatzia > Euskal Herria

Kronika | UEU-ko ikastaroak Baionan

Ogia, kamamila eta mostaza, etxean ditugun sendagaiak

Terapia naturalak zabaldu nahi ditut, jendeak bere burua sendatzeko tresnak izan ditzan», esan zuen Itziar Salegi naturopatak. Baionako unibertsitario teknologikoko aretoan sartu orduko antzematen zen belar usaina. Arbelaren azpialdean zegoen mahai luzearen gainean forma, kolore eta tamaina guztietako potoak zeuden. UEUko ikastaroak hasi ziren atzo Lapurdiko hiriburuan, eta etxeko erremedio naturalen berri jasotzera ikasle ugari bertaratu zen.

p018_f02.jpg

Idoia ERASO

Itziar Salegik atzo emandako eskolan ikasleak naturak eskaintzen dituen produktuz inguratuta zeuden. Ohikoak edo hain ezagunak ez diren sendabelarren potoek toki handia hartzen dute, baina bada bestelakoentzako tarterik. Sendabelarren erabilpenaz gain, ikasleek elikadurak osasunean duen eraginaren berri ere izanen dute lau eguneko ikastaroan. Horrela, almendra esnearekin egindako banana batidoa edo fruitu lehorrez eta ogiz osaturiko hamaiketako egoki bat egiten ere ikasiko dute eskoletan. Masajeak emateko kalendula olioa edo espezieekin olio esentziak sortzeko erak ere deskubrituko dituzte. Izan ere, piper beltza, mostaza bihia edo pipermina txikituta eta esentziara botata gorputza indartzeko eta sendatzeko baliagarriak izan daitezke.

Kosmetikaren eta etxearen garbiketaren ingurukoak ere jorratuko ditu Salegik. Nor bere buruarekin ondo sentitzeko bide bat izan baitaiteke kosmetika, baina gomendio bat ere eman zuen irakasleak horren inguruan: «Duintasunarekin egin behar da, norberaren oreka ez galtzeko». Aldi berean, itxura ederragoa izan nahi horretan kontuz ibili beharra dagoela erran zuen. «Gu geu gara azala eta, hortaz, kosmetika ere tratatuko dugu». Hortzetako pasta, xanpua edo usain-kengarria egiten ikasiko dute ikasleek naturak eskaintzen dituen lehengaiekin.

Etxea garbitzeko gaur egun erabili ohi diren xaboi eta lixibetan produktu toxiko izaten direla ohartarazi zuen irakasleak. Horien ordez, esku-eskura izaten ditugun ozpina, limoia edo bikarbonatoa erabiltzea proposatu zuen.

Naturak eskaintzen dituen gauza onuragarrien berri izatera hurbildu ziren hamar ikasleen artean denetarik ikus zitekeen, baina gehiengo zabala emakumeak eta gazteak ziren; beharbada, garai bateko emaginen edo sorginen jakinduriari segida eman nahian.  

Adinean sartuta dagoen Josune jakin nahiaren arrak erakarri zuen Baionara: «Gurasoengandik zerbait ikasi nuen, baina gutxiegi dela iruditzen zait eta gehiago jakin nahi dut».

Ainhoak ere ikastaroan aurretik lortutako ezagutza zabaltzeko asmoak bultzatuta eman zuela izena adierazi zuen: «UEUn beste ikastaro batzuetan ikasi dudana sakondu nahi dut».

Nerea, aldiz, mundu berri bat deskubritzeko prest agertu zen: «Nire ama baserrikoa da eta zenbait gauza ezagutzen ditu. Nik orain arte botikak hartzen nituen, baina horrekin nekatuta nago eta sendatzeko beste bide batzuk ezagutu nahi ditut».

Bizitzaren alde

Ikasleei ikastaroan zergatik parte hartu nahi izan duten galdetuta, arrazoi eta helburu ezberdinak aipatu zituzten eta, desberdintasun horietan oinarrituta, bakoitzari bere oreka bilatzeko deia egin zion irakasleak: «Gaixotasunaren kontra egin behar da, baina bizitzaren alde eta energiaren alde ere egon behar dugu. Nork bere baitan sentitzen duen orekari begiratu behar dio».

Itziar Salegik, gaur egungo gizartean arlo ekonomikoan zein sozialean bizi dugun krisi honen ondorioz, jendea erantzunen bila dabilela nabarmendu zuen. Gizakia boterearekin liluratuta zegoen garaia iragaiten ari den honetan, aurrerapenen ondorio txarrak sentitzen eta naturara itzuli nahian ari garela uste du Salegik. «Ez dago absoluturik, aurrerapenetan ez da dena ona edo dena txarra, sintesia egin behar dugu, gu ere natura baikara».

Horrela, naturopatiaren baitan ere, bazterretara ez joateko deia egin zuen. Dena zuzen egin nahi duen jendeari sarri eragiten dion gaitz berri baten berri ere eman zuen naturopatak, ortorexiaren berri hain zuzen. Horrek azkenean ekar dezakeen isolamendu soziala ere nabarmendu nahi izan zuen. Gaur egun diren arrisku guztiak etengabe presente izateak sor dezakeen beldurrak ere gaixotasunak ekar ditzakeela jakinarazi zuen.

Naturopatiak sendatzeko duen edo izan beharko lukeen ikuspegi «olistikoa» edo globala gailentzearen alde agertu zen Itziar Salegi, horren baitan gorputzaren alderdi fisikoa zein alderdi psikologikoa kontuan hartuta.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo