GARA > Idatzia > Iritzia> Txokotik

Maider Eizmendi Kazetaria

Gordetako irudi eta oroimenak

Badira denbora joan eta, hala ere, burutik nekez kentzen diren irudiak: pozgarriak direlako eta, horiek ez galtzeko, noizean behin errepaso lana egiten tematzen zarelako batzuk; hunkitu zintuztelako besteak... Tartean, ahaztu nahiko zenituzkeen horiek ere irauten dute, errepaso lanik gabe fresko-fresko begietara aurkezten zaizkigunak, nahi gabean eta nahigaberako...

Inoiz ahaztu ezin izan eta nahi izan ez duen aitaren azken irudiaren deskribapenak freskatu zidan irudia niri atzo, begietara jarri zidan garden.

Larunbat goiz euritsua eta freskoa irudikatu nuen, Donostiako Amara auzoa eta Deustuko Unibertsitatea batzen zituen Burdinazko Zubiaren inguruko eraikuntza lanetan, hondeatzeko makinez inguratuta, inguru ezin petralagoan... Eta han, kaosaren erdian, izen eta abizenik gabe, lau gorpuzki bistaratu zitzaizkigun. Bata bestearen gainean pilatuta zeuden guztiak, egun batzuk lehenago topatutako beste hiruen paretsu...

Hil zituztenean zeramatzaten arropetako botoiak eta gerrikoaren altzairuzko xaflak gertatu ziren identifikaziorako lehen arrastoak eta, haiekin batera, oinetakoen zolak; buru hezurretan zituzten zuloak eta inguruan topatutako bala-zorroak izan ziren, ordea, pertsona haiek izan zuten patuaren salatariak argienak; bortizkeria zerion hobiari.

Urtebete pasa da ordutik, eta egun hartan hobira begiratu eta haiek ikustean sentitu nuen hotzikararen parekoa sumatu nuen atzo, haietako bi identifikatu zituztela entzun eta baten alabaren irudia ikusi nuenean; 74 urte pasata, alaba aita aurkitzeak eragiten zion baretasunaren berri ematen entzundakoan, aitaz zuen azken irudia deskribatzen entzun nuenean.

Nahita ere, inoiz galtzen ez ditugun oroimen eta irudiez akordatu nintzen: onez, ahaztu nahi eta ahaztu ezin ditugunez, sarri berritu eta freskatu nahi ditugunez, lehenengo haiez, azkenengoez... Ahazteko agindu eta, hala ere, bihotz-gogoetan temoso gordeta daudelako irauten duten azken irudi eta oroimenez.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo