Oier Ibarguren Sarasola Euskal preso politikoa
Borrokak egin gaitu, borrokak egingo gaitu
Euskal gazteriak beti izan du borrokarako grina, hasi duela 50 urte pasatxo altxatu ziren gazteetatik eta gaurdaino. Beti izan gara ameslari, baina inoiz ez gara ametsetan bizi izan, argi baitugu gure ametsak errealitatetik, errealitate gordinetik, eraikitzen ditugula. Betidanik amestu izan dugu herritar askoz osaturiko herri aske bat eraikiko dugula eta amestu ez ezik, egunez egun berau eraikitzen dihardugu: gune autogestionatuak bultzatuz, Gazte Asanbladen eraldaketarako indarra agerian utziz, ikasle eskubideak aldarrikatuz, parekidetasunaren aldarria ozen entzunaraziz, ofizialtasuna aldarrikatuz, proiektu txikitzaileen aurrean Ama Lurra defendatuz... finean eredu ekonomiko eta sozial berri bat eraikiz, Euskal Herria eraikiz, hain zuzen ere.
Independentzia eta sozialismoa hitz handiak dira egun batetik bestera lortuko direla uste duenarentzat, baina euskal gazteriak aspaldidanik ikusi dugu hau eguneroko borrokaz soilik lortuko dugula eta horretan ari gara.
Eta hain justu horregatik zigortzen gaituzte, horregatik kriminalizatzen. Estatu faxistek, euren txotxongilo diren PNV eta UPN-ren laguntza zintzoaz, betidanik izan gaituzte jo-puntuan. Hain zuzen ere, konpromisoaren irudi garbia garelako, etorkizuna ez ezik, oraina ere bagarelako, eta horrek beldurtzen ditu. Torturak, espetxeratzeak, jipoiak eta erailketak erabili dituzte gazteria borrokalaria desagerrarazteko, baina ez dute lortu eta ez dute lortuko, ez alajaina!
Egunotan Donostiako 18 gazte epaitzen ari dira, Euskal Herria eraikitzearen akusaziopean. Basakerietara ohituta dagoen Herria omen gara, baina ezin dugu eraso bakar bat gehiago onartu. Norberak dituen baliabide guztiak erabiliz eta guztion indarrak batuz egin diezaiogun aurre eraso bakoitzari. Borrokaz lortuko dugu!
Amaitzeko, besarkada bero-bero bat bidaltzen dizuet justiziarik ezagutzen ez duen Madrilgo auzitegi faxista horretan epaituak izaten ari zareten guztiei eta, nola ez, egunerokoan edozein txokotan gure herria askatzen ari zareten euskal borrokalari guztiei. Euskal Herriko zeruan ditugun izar gorriek gidatuko gaituzte borrokaren bidez lortuko dugun askatasunera.
Gaurko borrokaz eraiki dezagun biharko Euskal Herri sozialista eta euskalduna.
Gora euskal gazteria borrokalaria!