GARA > Idatzia > Kirolak> Pilota

Zesta-punta

Pintxo usaina izango du Jai Aliveren aurtengo zirkuituak

Gastronomian bilatu nahi dute zesta puntak garai batean izan zuen oihartzuna berreskuratzeko bidea. Ostegunean ekingo zaio Hondarribian.

p039_f01_444x444.jpg

Jon ORMAZABAL

Bakarrik ezin, eta munduan euskaldunon beste ikurra den gastronomian aurkitu du Jai Alivek zesta-puntak garai batean izan zuen oihartzuna berreskuratzeko bidea. Udarekin batera etortzen da kirol hau Euskal Herrira bueltan eta enpresa honek atzo aurkeztu zuen laugarren zirkuituak berrikuntza nagusi bat dakar, hots, Hondarribiko eta Donostiako pilotalekuetan partidak jokatzen diren bitartean ikusleek pintxoak janda sabela betetzeko aukera izango dute.

«Oinarria zesta-punta izango da, baina ez gaude bakarrik, euskal gastronomia arloko profesionalek laguntza eskaini digute eta guk gustura hartu dugu. Partida oso onak izango dira eta, horrez gain, Donostia eta Hondarribiko pilotalekuetan, pintxoak eta hemengo produktuak eskainiko dira», adierazi zuen Jai Aliveko Iñaki Egigurenek.

Karmelo Balda -larunbatetan- eta Jostaldi -ostegunetan- pilotalekuetan antolatzen diren partidetarako sarrerek 10 euro balioko dute eta nahi duenak, beste 10 euro ordainduta, Ilarra jatetxeak prestatutako hiru pintxoz gozatu ahal izango du, ardoz edo txakolinez lagunduta.

Erakundeen babesa

Kirol profesional askotan gertatzen den bezala, ekimen pribatuak antzu geratzen dira erakundeen laguntza eta babesik gabe, eta zesta-puntak Gipuzkoako Aldundiaren eta Donostiako Udalaren laguntza jaso du.

Iñaki Galdos Aldundiko Kirol diputatuak azaldu zuenez, «kirolaren eta turismoa oso lotuta daude eta horrexegatik batu genituen guk legealdi hasieran bi arlo horiek departamentu berean. Leku turistikoei baino, bertako produktuei garrantzia handiagoa eman behar zaiela uste dugu eta zesta punta eta gastronomia uztartzea ideia bikaina iruditu zaigu».

Kirol alorrari dagokionez, ostegun honetan Hondarribian hasiko den zirkuitu honek, internazionalizazioa izango du berrikuntza garrantzitsu, Donostiako, Hondarribiko, Mutrikuko eta Markinako pilotalekuetan jokatuko diren txapelketez gain, Hossegorren eta udazken aldera Bartzelonan, Acapulcon, Mexiko Hirian eta Orlandon jokatuko diren txapelketak ere zirkuituko azken sailkapen orokorrerako puntuagarriak izango dira. Azken urteetako garaileak Iker Foronda (2007), Julen Bereikua (2008) eta Mikel Egiguren (2009) izan dira.

«Zesta punta oso kirol zaharra da, baina egun berpizten ari da. Esaterako, Mexikon kirol honek ikusmin handia sortzen du. Hemen ere, Donostian eta Hondarribian bost izarreko zesta-punta izango dugu», azaldu zuen Jai Aliveko kudeatzaileak. Egiguren II.a, Foronda, Erkiaga eta Curveur aurrelariek eta Lopez, Hernandez, Konpa eta Alliez atzelariek hartuko dute parte aurtengo saioak.

MUNDU zabalera

Euskal Herrian jokatuko diren txapelketez gain, Acapulcon, Mexiko Hirian, Bartzelonan eta Hossegorren jokatuko diren txapelketak ere zirkuituko azken sailkapenerako puntuagarriak izango dira.

Irabazleak

Inork ez du sekula birritan irabazi zirkuitu hau. Iker Foronda 2007ko txapelduna izan zen, Julen Bereikua, 2008koa, eta Mikel Egiguren, iazkoa.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo