GARA > Idatzia > Kirolak> Txirrindularitza

Tourra Adierazpenak

Chavanelen zoriontasuna, amore ez emateagatik lortutako saria

Txirrindulari gehienek «urduritasuna» hitza zuten buruan etapa amaitutakoan.

p033_f04_097x068.jpg

GARA | DONOSTIA

Pozez zoratzen zegoen Sylvain Chavanel txirrindularia atzoko etapa irabazi eta gero: «Etapa hau zenbait alditan aztertua nuen eta ahal dudana egin dut irabazteko. Nire kirol ibilbideko une zoriontsuena da, denboraldia infernuan banengo bezala hasi baitzen».

Kirolari frantsesa egin ohi duen ahaleginagatik da ezaguna tropelean, baina atzo arte ez zuen horrelako saririk lortu. «Ez dut inoiz amore ematen eta ez naiz damutzen hainbeste sufritu izanaz. Orain sentitzen dudan emozioa izugarria baita», gaineratu zuen.

Garailearen poza alde batera utziz, «urduritasuna» zen txirrindularien artean gehien entzun zen hitza atzoko etapa amaitutakoan. Tourra irabazteko faborito diren gehienek jasan behar izan zituzten erorketen ondorioak gorputzean.

Horietako bat Lance Armstrong izan zen. Estatubatuarrak honela kontatu du: «Errepidea oso irristakor zegoen. Bizikleta gainean mantentzea ia ezinezkoa zen. Mundu guztia lurrean zegoen, guztiz irreala zen egoera. Bizikleta gainera igo naizenean erori diren txirrindulari batzuk nire aurretik pasa dira. Gerra zirudien».

Txirrindulari ugari lurrean zeudela ikusita, erasora ez jotzea erabaki zuen tropelak. Eta Andy Schleck-ek asko eskertu zuen erabakia: «Bi aldiz erori naiz 200 metrotan; ez nuen beste bizikletarik aurrera jarraitzeko. Joko garbia ikusi dugu».

«Izotzetan patinatzen ari ginela zirudien!», adierazi du Alberto Contadorrek. Euskalteleko Iñaki Isasik, berriz, honela esan du: «Tentsioa nabaria zen, baina ez genuen uste hainbesterako izango zenik. Ez dakit errepidean olioa ala beste zerbait zegoen, baina erorketak izan dira».

Josean Fernandez Matxin Footon-Servettoko zuzendariak tropela kexatu izana kritikatu zuen: «Nortasun falta adierazten du jarrera honek. Fabian Cancellarak ez du ondo egin itxaronda, maillot horia mantendu behar baitzuen. Tourrean elastiko hori ez da oparitzen».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo