GARA > Idatzia > Kirolak> Txirrindularitza

Tourreko gantzontziloak

Markel IRIZAR | Txirrindularia

Kaixo guztioi! Atarikoaren ostean, aurreneko bi etapak pasa ditu Tourreko suge koloretsuak. Klasikoetako ibilbideetan dabil aurtengo Tourra, eta gaurkoan Liejako muinoei tokatu zaie txanda. Chavanelek garaipen handia lortu du Belgikan bere babesleentzat, eta egun batzuetan maillot horia soinean eramango duela uste dut. Baina Chavanelen garaipenaz gain, erorikoak izan dira protagonista. Zorua bustia dagoenean, izugarri arriskutsuak dira lasterketak, eta txirrindulari dezente ikusi ditugu itzulipurdika. Une batez pentsatu dut Schleck anaien Tourra bukatua zela, baina azkenean «bake» pixka bat egon da, eta multzo gehienak etorri dira beren onera.

Eta erorketak eta arriskuak tarteko, iritsi gara jendeak horrenbesteko beldurra dion harbideko egunera. Paristik Roubaix-erako harbideetan ibiliko dira txirrindulariak, eta eguraldiak hobera egiten ez badu, sekulako txikizioa egongo dela uste dut. Horren harira, joan den astean Velas eta Txurru-ri, azken bost Roubaixetan ikasi ditudan gomendio batzuk ematen ibili nintzen, baina uste dut, gomendioak gomendio, biharkoak itxura txarra duela.

Hala ere, gaur Austriako etapan pasa zaidana kontuan hartuta, azken gomendioa bidali nahi diot Ametsi. Gaur azken 8 kilometroak batez besteko %12ko makurdura zuen mendatetzar batean bukatu ditugu, eta 39x28rekin potraka igo eta gero (azken kilometroak %22,3ko maldak zituen) gora iritsi, eta zer eta teleferikoan jaitsi behar genuela esan digute. Azkenean, bizikletan jaitsi gara, eta beherantz nindoala, neure buruari zera esaten nion: «Hori jakinez gero, hobeto nian teleferikoa behean hartu eta lasai igo!»

Ba horixe Txurru, honezkero, beste askok bezala, beldurraren beldurrez (askotan esaten duzun moduan, `hi, kaka inda najak'), horrenbeste estimatzen dituzun Tourreko galtzontzilo berriak zikindu dituzu; ba ia ni baino bixiago ibiltzen zaren, eta Arenbergera eramango zaituen trenean sartu, eta beldurrik pasa gabe helmugara oso-osorik ailegatzen zaren. Hobeto beldurrez ibiltzea, erortzea baino. Erorikoak soluzio txarra izaten baitute, eta galtzontziloak, oso zikin egon arren, beren jatorrizko kolorera bueltatuko baitira! Besterik gabe, zorte on, eta minik hartu gabe ibili, txo!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo