GARA > Idatzia > Kultura

Ekaitzari aurre egin dion arren, EHZren geroa ez dago bermatuta

Ostiral gaueko ekitaldiak bertan behera uzteak 200.000 euroko galera ekarri dio Euskal Herria Zuzenean festibalari. Hori dela eta, antolatzaileek aurrerantzean ezingo diote autogestioaren filosofiari eutsi, erakundeen esku gelditu baita jaialdiaren etorkizuna.

p041_f01_148x100.jpg

GARA | HELETA

Igande gauean itxi zituen Euskal Herria Zuzenean festibalak aurtengo edizioko ateak. Joan den ostiralean hasi zen eta igandera arte iraun zuen Heletako jaialdiak. Igandean bertan, antolatzaileek eta Heletako auzapezak jaialdiaren lehen balorazioa egiteko prentsaurrekoa eman zuten eta, ostiraleko galeren ondorioz, jaialdiaren etorkizuna erakundeen eskuetan gelditu dela esan zuten. Hala ere, Biarritzeko Herriko Etxeak lagunduta, datorren udazkenerako -azaroa aipatu dute-, kontzertu edo ekitaldi bat aurreikusita dago EHZren aldeko laguntza biltzeko, Kazeta.infok aurreratu zuenez.

Elixabet Aizager festibaleko zuzendariak azaldu zuenez, ostiral gaueko ekaitzak materiala suntsitu zuen eta egoera horretan «edozein festibalek ateak itxiko lituzke; guk burua altxatu eta aitzina egitea deliberatu genuen», eta bai laguntzaileen aldetik, baita ikusleen aldetik ere, erantzun ona jaso zutela baieztatu zuen. Hondamendia ikusita, Herriko Etxearekin eta aseguru-etxeko arduradunekin bildu ziren eta jaialdia bertan behera ez uztea erabaki zuten.

Guztira, hirurogei ekitaldi antolatu zituzten aurtengo ediziorako, baina, tamalez, horietatik hogeita lau bertan behera utzi behar izan zituzten ekaitza zela eta. Ondorioz, lehen estimazio batean, 200.000 euroko galera izan zuten.

«Gure nahikeria festibalarekin jarraitzea da, baina gure geroa neurri batean erakundeen esku dagoela erran beharra dago», nabarmendu zuten. Izan ere, ostiraleko euri-erauntsiak estualdi larrian utzi du jaialdia, baina antolatzaileek aurrera jarraituko dutela esan zuten: «Burua altxatu eta aitzina egiteko tenorea da».

Beste alde batetik, jendearen erantzun zoragarria nabarmendu nahi izan zuten antolatzaileek behin eta berriz prentsaurrekoan. Gainera, ostiralean oholtzara igo gabe gelditu ziren hainbat artista, festibalari laguntzeko asmoz, berriz joateko prest azaldu zirela esan zuten; horien artean, Gojira eta Casey taldeak.

Agerraldian hainbat zifra ere aipatu zituzten: larunbatean 5.000 lagun inguru hurbildu ziren Heletara eta, igandean, beste 7.000. Ostiralean 5.000 pertsonak erosi zuten txartela. Guztira, 16.000 lagun joan ziren EHZ jaialdira. Hala ere, eskainitako kopuru hori ez zen behin betikoa; izan ere, prentsaurrekoa, igandean, 15.00etan egin zen, eta azken eguneko gaueko kontzertuak ikustera hurbildu zen jendea arratsalde osoan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo