GARA > Idatzia > Kultura

Gauargi festibalari leiho berri bat eskainiko dio aurten Peio Serbiellek

Idoia ERASO | BAIONA

Munduko haurrak eta dantzak elkartzen dituen Gauargi festibala uztailaren 16 eta 20 artean iragango da Ezpeletan. Lehen egunak piper ezagunen herrian ospatuko badira ere, azken egunean inguruko herrietara zabalduko da festibala; Mugerre, Kanbo eta Milafrangara hain zuzen ere. Estreinakoz dantza tradizionalen festibalak dantza garaikideari tartea ere eginen dio, “Sokamets” ikusgarriarekin hain justu. Peio Serbiellek Grenobleko Les Mutins konpainiarekin sorturiko ordu erdiko obra egunero izanen da ikusgai.

«Gauargi festibalari beste leiho bat eskaini diot ikusgarri honekin», adierazi zuen Peio Serbiellek Les Mutins taldearekin batera sortu duten dantza garaikidearen ekarpena azaltzeko. Grenobleko taldeko haurrak eta Ezpeletako Ezpela taldekoak elkarlanean ariko dira festibalean zehar. Gero ezpeletar gaztetxoak Alpeen magalean den hirira hurbilduko dira urrian.

“Sokamets” Internet bitartez sorturiko egitasmoa da. Grenoble aldeko Jacky Simoncellirekin batera «myspace.com» webgunearen bitartez izan zuten elkarren berri, eta informazio trukean hasi ziren horrela.

Euskal kultura

Ikusgarriaren izenburuak aditzera ematen duen bezala, euskarak eta euskal kulturak ikuskizunaren zati garrantzitsua dira. Peio Serbielleren kantuek osatzen dute musikaren parte handi bat eta euskal hitzak entzuten dira obran zehar.

Urtero bezala, atzerriko dantza talde tradizionalak eta euskal dantzak izanen ditu ardatz Gauargi festibaleko programazioak. Mazedonia, Ukraina eta Errumaniako taldeak izanen dira Ezpeletan. Ezpeletako gaztetxoek, Ukrainako eta Les Mutins konpainiako dantzariekin tailerra eginen dute. Bertan landutakoa azken egunean aurkeztuko duten ikuskizun txiki baten bitartez deskubritzen ahalko da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo