GARA > Idatzia > Kultura> Musika

Anariren «irlatik» Zeneten «itsasora», harribitxiak Elorrion

Musikairea dabil Elorrioko uztailean. Bizkaiko herriko txokoetara antzerkia eta musika eramaten dituen jaialdi bereziak Anari, Amparo Sanchez, Aziza Brahim, Ruper Ordorika, Audience eta Zenet dakartza plazara asteburu honetan.

p043_f02_147x108.jpg

A. BILBAO | BILBO

Ekainaren 26an X. Kultur Azokak abiatu zuen Musikaire jaialdiak aurrera darrai Elorrion. Musikari dagokionean iragan asteburuan Maria Berasarteren fadoez hasitako jardunaldiek segida izango dute uztailaren 25era bitartean, eta antzerki eta beste zenbait ikuskizunez gain, etxeko taldeak, Anari, Ruper Ordorika eta Audience, zein atzerritarrak, Amparo Sanchez, Aziza Brahim eta Zenet, jasoko ditu.

Gaur, 22.30ean eta Argiñetan, Anarik joko du, Borja Iglesias (gitarra), Mikel Abrego (bateria) Xabier Olazabal (baxua) eta Maite Arroitajauregi (txeloa eta teklatua) lagun dituela, «Irla izan» (Bidehuts) azken lana aurkezteko. Biharamunean Amparo Sanchezen txanda izango da (22.30ean eta plazan). Amparanoia atzean utzi, giro intimoagoan «Tucson-Habana» lana grabatu eta erritmo pausatuagoak dakartza orain andaluziarrak, beti bezain gozo. Gainera, zuzeneko taldean Kaki Arkarazo darama gitarra jotzaile.

Hurrengo asteburuan jarraituko du jaialdiak, uztailaren 16an (22.30ean eta plazan), Aziza Brahim kantari dela. Sahararra da Brahim, Tindufeko errefuxiatu kanpalekuetan jaioa, eta gurean ezaguna da Oreka TX bikotearekin abestu izan duelako. Sahararen aldarria lau haizetara zabaltzen diharduen neskatoa Gulili Mankoo bandarekin dator, musika bizi, koloretsu eta dantzagarria eskaintzera.

Uztailaren 17an eta oholtza berean, Ruper Ordorikak joko du. «Haizea Garizumakoa» eramango du Elorriora, Hasier Oleaga (bateria), Lutxo Neira (baxua) eta Arkaitz Minerrekin (gitarra eta arrabita) batera.

Eta uztaila bukatu aitzin, beste bi zuzeneko berezi. Proposamen dotoreena Audience zein Zenetena. Gernikar boskoteak «A Shake In Calm Water» (Bidehuts, 2009) dakar plazara -uztailaren 23an, 22.30ean eta Argiñetan-, ohi duen dotoretasun eta harrotasunez. Zenet malagar antzezle eta crooner beriziak, berriz, uztailaren 25ean eta Tola jauregian joko du -22.30ean-. Eszenaratze ausarta eta atsegina proposatzen du, jazz banda bikain batek lagundurik eta «Los mares de China» lana besapean.

Igandean eta plazan, Le petit Cabaret Musikairen

Musikaz gain bada egitaraurik Elorrion. Etzi, adibidez, Madrilgo Le Petit Cabaret izango da herriko plazan, 23.00etan. Kabaret txiki hau herririk herri dabil bere magia txoko urrunetara eramanez. Eskarmentu handiko hiru artista dira, eta musika, abilezia, dantza, malabarismoak eta sorpresak taularatzen dituzte. Hilaren 18an (19.30ean eta plazan) izango du hurrengo hitzordua antzerkiak, Trapu Zaharrak taldeak «El Pisito» antzezlana emango baitu. Banandutako bi gizon roulotte batean bizi dira antzezlanean. Kanpin batetik zorrak ez ordaintzeagatik alde egin beharra izan ostean, lurzoru baten bila ari dira. Eta hilaren 24an, berriz, Tola jauregian eta 22.30ean, Graffiti Classicsen proposamen erabat sailkagaitza. Frances Grime (biolina eta ahotsak), Alice Pratley (biolina eta ahotsak), Stephen Kennedy (biola eta ahotsak) eta Cathal O Duill (kontrabaxua eta ahotsak) musikariek osatzen dute Graffiti Classics. Ikus-entzuleen irribarrea piztea dute xede, eta, horretarako, «hamasei soka, zortzi hanka eta lau ahots» baliatzen dituzte oholtza gainean. A. B.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo