GARA > Idatzia > Kultura> Musika

Musika gurtzen eta egurtzen

Ritxi AIZPURU | Musika argitaratzailea

Sarri erabili ohi den esaldia da «musika honek ez du inor ezaxolati uzten, musika edo musikaria gorroto duzu edota guztiz maite duzu». Maiz ez dago erdibiderik, zeharo gurtu edo goitik behera egurtu. Baina bada inor diona «musika honek berdin dit» eta ez du bere jarrerarik adierazi nahi, bost axola dio. Hiru jokabideak ohikoak dira, baita kazetari profesionaletan ere. Gurtu, egurtu, bost axola. Jarrera kritikotik ezer gutxi duten erakusle diren bideak dira. Norberak erabakiko du noraino eraman nahi dituen bere burujabetasun ezaren indar suntsitzaileak. Musikariei doako egurra emateak ekar dezake bumeran efektua, eta, inoiz, egur banatzailea den kazetariari etorri zaizkio odolkiak ordainetan; ezagunak dira egurtuak izan diren kazetarien izenak. Musikariek nahiago dute, hala eta guztiz ere, gurtuak izatea egurtuak izatea baino. Musikariek, ordea, jakin beharko lukete kritiken digestioa itxurosoki egiten, baina ez da arruntena horrelako musikariak aurkitzea. Musikariak horren kontzientzia izan beharko luke. Musikariak elkarrizketa batean erantzuten duenean «askok gorroto dute nire musika, baina egin behar dudan musika egin dut», musikari umatu baten aurrean geundeke. Baina musikariei kultua izatea iraingarriagoa da, kulturalki arbuiagarriagoa, nahiz eta, sarri artista biziki kontent bada ere. Artista bati kultua adierazten zaionean eten egiten da kantuak izan dezakeen komunikaziorako tresna eta bizitzaren osotasunari izkin egiten zaio. Kantuek izan dezaketen eragina edo eraginkortasun nagusia pertsona batetik (artista) bestera (entzule) bizitzaren osotasuna komunikatzen saiatzea da. Artista gurtzen duenak fideismoaren jarrera du, sinetsi egin behar da eta horrekin nahikoa da, ez da erabili behar arrazonamendurik, dena soberan dago, sinestea nahikoa da. Gurtzen denean aho betean sinesten da eta ez dago zirrikiturik artistaren alde kritikagarririk ikusteko. Artistaren mezua beti egia dela pentsatuko du eta horrek kultu hori ezjakin, ezikusi bihurtzen du. Kultuak pentsamenduaren eraikuntza kartzelazalea baino ez dakar, adimena ezabatuz, ez dago denborarik galderak, zalantzak eta hausnarketak egiteko, dena soberan baitago. Gurtza morrontzaren aldeko pentsamendua da. Kritikak kultua apurtu behar du demokraziaren agintezalearen gainetik egoteko. Benerazioaren ukapenetik sor daiteke kanturik iradokitzaileena, sortzaileena.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo