Greziako zazpigarren greba orokorrak garraio publikoa guztiz gelditu du
Janire MENDIETA | BILBO
Greziako zazpigarren greba orokorrak herrialdea erabat gelditu zuen atzo. Osasun zerbitzuak larrialdietara mugatu ziren. Atenaseko nazioarteko aireportuan, berriz, 82 hegaldi geratu ziren bertan behera; horrez gain, beste 102 aldarazi behar izan zituzten. Uharteetara joateko transbordadoreetako zortzi lotura bertan behera geratu ziren, eta trenek ere ez zuten zirkulatu. Atenasen, taxiak izan ziren garraiobide publiko bakarra.
Pentsio sistemaren erreformaren aurka egin zuten greba greziarrek. Izan ere, herenegun onartu zen erreforma behin-behinekoz Parlamentuan. Erreformaren ondorioz, erretiro adina 65 urtera igoko da; gehieneko pentsioa lortzeko urte kopurua, aldiz, 35 urtetik 40ra. Gainera, emakume eta gizonen erretiro adinak berdindu eta ordainsariak %7 jaitsi dituzte.
Erreforma Greziak Europar Batasunarekin eta Nazioarteko Diru Funtsarekin adostutako planaren ondorio da. Plan horri esker Greziak 110.000 milioi euro lortu zituen kreditutan herrialdea porrot ekonomikotik ateratzeko.
Azken hilabeteotan Grezian jada zazpi greba orokor egin badituzte ere, hainbat hedabideren arabera herritarren erdiak uste du erreforma beharrezkoa dela.