Belgika, normaltasun demokratikoaren eredu
Espainiarra ez den edozein kulturari, eta bereziki Kataluniako eta Euskal Herriko berezko kulturei, sortzetiko errespetu falta ikaragarria erakusten die Estatu espainolak. Errespetu falta horrek eraginda, egun inoiz baino agerikoagoa den krisi estrukturala bizitzen ari da. Hori dela eta, inbidia handiarekin jarraitzen dugu Europan bertan, Belgikan, alde bateko eta besteko agintari politikoek nola erantzuten dioten antzeko ezaugarriak dituen egoera bati. Bertan, N-VA alderdia gobernua osatzeko negoziazioetan murgilduta dago. Flandiarren programa independentista agerikoa da eta hauteskunde kanpainan publikoki defendatu dute; areago, hori dela eta irabazi dituzte hauteskundeak. N-VAk ez du independentziaren aldeko hautuan atzera egingo, baina gainontzeko alderdiekin, batik bat waloniarrekin, hitz egiten ari da bide horretan aurrera nola egin negoziatzeko.
Bizi duen egoera ikusita, Belgika ezin da, noski, normaltasun politikoaren eredu gisa aurkeztu. Estatu artifiziala da Belgika eta oraingo egoera arazo estruktural horren endekapenaren ondorioa besterik ez da. Baina, aldi berean, arazo politiko sakon baten aurrean, Belgikan normaltasun demokratikoak politikagintzaren ardatz izaten jarraitzen duela nabarmendu behar da. Salbuespenak salbuespen, bertako eztabaida publikoan ez dago Armadaren mehatxurik, ez dago azpijoko juridikorik, ez dago ezberdina denaren aurkako mesprezu publikorik, eta, garrantzitsuagoa dena, ez dago desberdina den horren ukazio sistematikorik. Edo ez behintzat Europako beste hainbat lekutan bezain gogor.
Beste ezer baino lehen, gatazka politikoei aurre egiteko elkarrizketaren eta negoziazioaren garrantzia agerian geratzen ari da Belgikan. Politika demokratiko baten elementu nagusi dira elkarrizketa eta negoziazioa, baina, sarri, sarriegi, azken aukera gisa soilik ulertzen dira. Belgikan aukeratutako bideak, zailtasunak ukatu gabe, egonkortasuna bermatzen du. Eta Belgika Europako erdigune politikoa den heinean, egonkortasuna ezinbesteko baldintza da flandiarrek beren helburua erdiets dezaten.