Ruben Sanchez Askapenako kidea
Israelek 62, BDSk 5
Zorionez, elkartasun internazionalistak sasoi ona erakutsi du munduan zehar. Izan ere, palestinarren boikot deialdia egin zenetik bost urte besterik pasa ez badira ere -Hegoafrikaren kontrako boikot mugimendua ia 40 urtez luzatu zen-, erantzuna ezin hobea izaten ari da dagoeneko.
Hedabideetan sarritan agertzen diren guda, sarraski, okupazio eta hondamendien aurrean elkartasun sentimenduak loratzen zaizkigu, baina, gehienetan, ez dakigu nola gauzatu elkartasun hori, ez bada noiz edo noiz kontu korronteren batean GKEren bati laguntzeko dirua sartuta...
Palestinaren kasuan, modurik eraginkorrena, eta palestinarrek eskatzen digutena, BDS mugimenduan parte hartzea da; Israelen aurkako boikot, desinbertsio eta isun kanpainan, alegia. Gaur, uztailaren 9an, bost urte betetzen ditu deialdiak.
«Ekialde Hurbileko gatazka» bi herriren arteko gatazka gisa ikus dezakete askok, indar handiagoa daukatenez, israeldarrek gehiegikeria handiagoak egiten dituzten gatazka bezala. Besterik ez. Horrenbestez, BDS kanpaina zilegi ez den ekimen bat bezala uler dezakete, bi aldeetako bakarra salatzen baitu. Badira datu batzuk, ordea, «gatazkan dauden bi aldeen» ikuspegia aldarazten dutenak.
Izan ere, palestinarrek behin eta berriz azpimarratzen dute boikot mugimendu hau apartheid garaiko Hegoafrikaren kontra egin zen boikot mugimenduaren ispilu gisa sortu dutela. Desmond Tutu gotzain hegoafrikar famatuak berak, ordea, palestinarren egoera apartheid-aren menpean bizi ziren beltzena baino latzagoa dela esan du.
- Palestinar Estatu bat aldarrikatu zuen NBEk 1948an, palestinar lurraren %48 hartuko lukeena; egungo Gaza eta Zisjordania lur horren %12 besterik ez dira.
- Lur lapurretak aurrera darrai etengabe Zisjordanian kolonia sionisten bidez. Gaza, aldiz, blokeo krudela pairatzen duen makrokartzela erraldoia da.
- Israelen bizi diren milioi eta erdi palestinarrak hirugarren mailako biztanleak dira; gizarteko arlo orotan daude baztertuta.
- Etxera itzultzeko eskubiderik ez duten 4 eta 5 milioi errefuxiatu palestinar artean daude.
- Apartheid harresiaren eraikuntza, milaka olibondoren suntsiketa eraginez.
- 11.000 preso politiko, bizi baldintza ezin krudelagotan.
NBEn onartuta izanik bere mugak non hasi eta non bukatzen diren zehaztu gabe duen munduko herrialde bakarra da Israel, eta ederki baliatzen du hori urterik urte «bere lurraldea» zabaltzeko. 2010ean bizi bagara ere, zuetako norbaitek erlijioz judutarra den aiton-amonen bat badauka, Israelera joateko aukera bikaina du: Estatuak dena emango dio eskura kolono bilakatzeko.
Zorionez, elkartasun internazionalistak sasoi ona erakutsi du munduan zehar. Izan ere, palestinarren deialdia egin zenetik bost urte besterik pasa ez badira ere -Hegoafrikaren kontrako boikot mugimendua ia 40 urtez luzatu zen-, erantzuna ezin hobea izaten ari da dagoeneko. Elkartasunaren lehen postuetan Venezuela, Bolivia, Hegoafrika, Suedia, Norvegia, Grezia, Kanada, Irlanda, Herrialde Katalanak, Estatu frantsesa eta Britainia Handia daude. Hona hemen hainbat elkartasun adibide: Venezuelak eta Boliviak Israelekin harremanak eten dituzte, Veolia garraio enpresak bertan behera utzi du kolonien arteko apartheid tranbiaren eraikuntza bere kontrako salaketak direla-eta, Suedia eta Israelen arteko Davis Kopako tenis partida ateak itxita jokatu behar izan zuten (kanpoan 5.000 lagunetik gorako manifestazioa zegoen), Hegoafrika, Grezia eta Suedian ez diete porturatzen utzi israeldar ontziei, Diadaren egunean Noa kantariaren aurkako protestak Katalunian, milaka ikaslek eta irakaslek sinatutako boikot deialdiak...
Euskal Herrian ere gero eta herritar gehiagok esku hartzen du boikot ekimenetan. Hala, sionismoaren aurkako ekintza ugari egin dira gure artean: Maccabi saskibaloi taldearen eta Noa abeslariaren aurkako salaketak, israeldar produktuen aurkako protestaldiak Imaginarium, El Corte Ingles eta Sephora dendetan... Horrez gain, hamarka udalerri boikotaren alde azaldu dira ebazpen bidez, Zestoa eta Arbizu Marda eta Bir Zeit herri palestinarrekin senidetu dira, milaka langilek bat egin dute boikotarekin enpresa batzordeetan onartutako ebazpenekin, 300 musikari, ikasle, irakasle, bertsolari, kirolari, idazle, kazetari, gaztetxe, herri mugimendu eta kultur elkartek bat egin dute boikotarekin...
Palestinarrak bezain ziur gaude: elkartasun biderik eraginkorrena boikota da eta aurrerapauso nabarmenak ematen ari gara. Ea denon bultzadarekin Palestina lehenbailehen askatzen dugun.