GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

Harri-jasotzea Nafarroako finala

Unai Bertizek erabat nagusi izanda eskuratu du herrialdeko txapela

Jon LEUNDA

Bertizek ez zuen hutsik egin, eta berak jantzi zuen atzo Iruñean Nafarroako Harri-jasotze Txapelketako txapela. Sunbillakoak 6.050 kilo jaso zituen, eta garaipen erosoa erdietsi zuen.

Harri-jasotzaile bakoitzak 125 kiloko zilindro kopa, 112,5 kiloko kubikoa eta 100 kiloko bola jaso behar izan zituen; bakoitzarekin bi minutu izan zituen lanerako. Bertizek 23 jasoaldi eman zizkion kopari, hamalau kubikoari, eta hamasei bolari. Guztira 6.050 kilo izan ziren jasotakoak. Urrutia sailkatu zen bigarren, eta berak hogei, hamahiru eta hamabost jasoaldi eman zituen, guztira 5.462,5 kilo jasoz. Hirugarren Ariztegi izan zen hamazortzi, hamabi eta hamabi jasoaldirekin; hau da, 4.800 kilo. Azken postuan Igoa sailkatu zen hamasei, hamar eta hamabi jasoaldi eta 4.450 kilorekin.

Nafarroako Hirugarren Mailako aizkolarien kanporaketa ere jokatu zen, eta Loiarte izan zen onena. Bi kana-erdiko mozteko 4 minutu eta 41 segundo behar izan zituen, eta hiruren aldea kendu zion Pellejerori. Bi horiekin batera, Beltza, Kastro eta Resano ere sailkatu dira finalera.

Lasto-altxatzeko Nafarroako finala ere jokatu zen, eta Xabi Sein izan zen onena, 22 jasoaldi emanda. Bigarren Bereau izan zen. Gaurko egunerako Nafarroako trontzalarien finala iragartzen da. Barberena anaiak, Pikabea-Morrondo, Lasaga-Galarregi eta Pikabea-Iribarren neurtuko dira. Kana-erdikoari hamalau epai etzanda eta lau zutik eman beharko dizkio biko bakoitzak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo