GARA > Idatzia > Kirolak> Tour

Minak... eta minak

Amets TXURRUKA | Txirrindularia

Gorputzaren alderen batean nabaritzen den sentipen nekagarria». Halaxe deskribatzen du hiztegiak mina zer den. Baina definizio horretatik haratago, minak eta minak daudela esango nuke nik, min oso ezberdinak, alegia. Min klase batzuk denok ezagutzen ditugu, atearen kontra kolpe bat jasotzen dugunean sentitzen dena, esaterako. Baina badira beste min klase batzuk azaltzen hain errazak ez direnak, norberak sentitu ezean ulertzen oso zailak direnak. Seme bat hiltzean senti daitekeena datorkit burura, adibidez. Txirrindularitza munduan ere badugu gure artean oso ohikoa den min klase bat: hanketako mina. Zaila da bizikletan ibili ez den pertsona bati azaltzea, baina txirrindularion artean ederki asko ulertzen dugu zertaz ari garen.

Nik oraintxe sentitzen dudana, ordea, oso bestelako mina da, min psikologikoa. Urte osoan buruan helburu bat eduki, sekulako ilusioarekin hasi, eta berehala etxera joan beharra kolpe gogorra izan da. Esan liteke, Euskal Herriko Itzulian sentitu nituen bi minak, fisikoa -eskuineko lepauztaia apurtu dut berriz- eta psikologikoa -taldearentzat zein niretzat urteko bi hitzordu garrantzitsuenak ziren- errepikatu direla. Kasu honetan, gainera, niretzat aski ezaguna zen min fisikoa. Taldeko medikuak agian luxazioren bat izan zitekeela aipatu zidan, baina nik hasieratik nabaritu nuen lepauztaia apurtuta neukala. Zoritxarrez, halaxe zen.

Sekulako mina ematen dit Tourra horrela utzi behar izateak: ihesaldirik harrapatu gabe, mendian euskal zaleen animoak jaso gabe, Parisera hilaren 25ean beharrean gaur joanda, aireportura gainera, Campos Eliseos etorbidea zapaldu gabe... Eta orain, Markeli «hi bizi haiz hi» esanda bota niona gogoan, ni izango naiz Tourra etxeko sofan eserita segi beharko duena.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo