Eszenak
Beti geratuko zaigu Paris
Dorleta URRETABIZKAIA | Aktorea eta idazlea
Bizitzaren zati handi bat lotan ematen dugun bezala, beste zati handi bat zain pasatzen dugu. Autobusaren zain, mutil edo neskaren zain, azterketaren zain, lehen lanaren zain, seme edo alaba noiz jaio edota koskortuko den zain, antzezlana hasteko zain, estreinaldiaren zain, Godoten zain... Gure bizitzaren parte handi bat gauzaren baten zain ematen dugu eta zain egote horretan, hitzorduaren garrantziaren arabera, minutuak ordu bilakatzen zaizkigu, orduak egun, hilabeteak urte eta urteak, berriz, mende. Eta hainbeste denbora zain eman ostean, unea iritsi eta ti-ta batean alde egiten digu, hondarrak hatz artetik ihes egiten digun moduan. Ia?... «Uno de enero, dos de febrero, tres de marzo, cuatro de abril, cinco de mayo, seis de junio... siete de julio, ¡San Fermín!». Unea iritsi da. Iruñeko sanferminak heldu zaizkigu behingoz eta festekin batera, entzierroak eta antzerkia karriketan dira. Hiri zaharreko kaleak jendez gainezka daude eta buruhandiekin batera, antzerkia ere, bizi-bizi datorkigu zezenen abiadura berean.
Marijaia oraindik Bilbora iritsi ez bada ere, bilbotarrak zain dira dagoeneko eta egunak zenbatze horretan, XI. Kalealdia ospatu dute. Atzo amaituriko festibalean Errusiatik, Frantziatik, Belgikatik, Kanadatik, Madagaskarretik, Valentziatik eta Euskal Herritik etorritako hogei bat ikuskizun jarraitzeko aukera izan dugu hiriko hainbat kaletan. Eta Bilbon antzerki festa amaitu bada ere, Lekeitiori dagokio orain txanda. Izan ere, Lekeitioko Nazioarteko Kale Antzerkiaren XXI. edizioa hasi da gaur eta hiru egunetan zehar bederatzi ikuskizun ikusteko aukera izango dugu bertako kaleetan zehar. Atzoko egunean hasi zen baita ere, Zarauzko Kalerkiren VII. edizioa. Aurtengo honetan zortzi ikuskizun izango ditugu, tartean Alproja taldearen «Osatzen» ikuskizunaren estreinaldia.
Negu luzean zehar antzerkia antzokietatik kalera ateratzeko zain izan dugu, eta, uda heltzearekin batera, amaitu zaio zain egoteko aldia, kaleak antzerkiz jantzi baitira. Baina badira kalea baino agertoki ederragoak ere fikzioari bizitza emateko, eta Erriberri dugu horietako bat. Izan ere, hilaren 16an Antzerki Klasikoaren XI. Festibala hasiko da bertan. Ba al dago bertako gaztelu ederra baino agertoki ederragorik antzerkiaren klasiko handiez gozatzeko?...
Iruñea, Bilbo, Lekeitio, Erriberri... Izan dira, izaten ari dira eta izango dira, baina ohartzerako joanak izango dira. Antzezlana hasteko irrikatan geunden eta oihala zabaldu orduko, itxi egin da berriz ere. Eta orduan, zeren zain geratuko gara orduan? Ze, itxaroteko aitzakiarik gabe, itxaropenik gabe, zer dator? Orduan, hutsa dator, baina guztiaz beterik dagoen hutsa, eta, hustasun horretan, lehenago edota beranduago, itxaroteko beste aitzakia bat jaioko da. Hala gertatzen ez bada, beti geratuko zaigu Paris, edota Jazzaldia.