Espioitzari buruzko istorio berriak munduko ordenaren berrantolaketaren zantzuak dira
AEBen eta Errusiako espioien trukearen istorioa benetan bitxia da, edonondik begiratuta ere. Moskuk errusiar kartzeletan zeuden lau espioi askatu ditu, eta, trukean, AEBetako Gobernuak orain dela aste gutxi atxilotutako errusiar jatorriko hamar pertsonak deportatu ditu, konspiratzen ari zirela baieztatu ondoren. Gerra Hotza gogora ekartzen duen istorioa da, zalantzarik gabe. Baina «Bake Epelaren» zantzu gisa ere uler daiteke. Orain artekoa baino aldeaniztunagoa izango den munduko orden berri baten isla, alegia. AEBen eta Errusiaren arteko harreman hobekuntza nabarmena da; horren erakusle da alde biek «krisi» hau kudeatzeko erakutsi duten trebetasuna ere. Errusiarentzat lanean ari omen ziren baina oso perfil baxua zuten espioien atxiloketa Obamaren aurkako azpijokoa izan zitekeela zabaldu zen hasieran, Dimitri Medvedevek AEBetara egindako bisitaren ondoren gertatu baitzen operazioa, noiz eta bi agintarien arteko sintonia inoiz baino agerikoagoa zenean. Estatubatuar nahiz errusiar agintariak indartuta agertu direla ikusita, ordea, zaila da esaten «asmo txar» hura bete ote den edota hasiera-hasieratik operazioaren benetako asmoa bi agintariak indartzea ez ote zen.