Frantses Estatua mugako kontrolak murriztera behartu dute
Idoia ERASO |
Cimade sorospen elkarteak joan den ekainaren 22tik Hendaiako erretentzio zentroan diren pertsonen kopurua txikitu dela jakinarazi du. Horren arrazoia Estatu frantsesak Bidasoako mugan egiten zituen kontrol sistematikoak desagertu egin direla da. Luxenburgoko Auzitegiak Estatu frantsesari oroitarazi dio Schengeneko hitzarmenaren ondorioz «pertsonen zirkulazio askea» ziurtatu behar duela. Auzitegi Gorenak ekainaren 29an berretsi du erabakia, Sarkozyk ezarritako «kanporatze kuoten» sistema auzitan jarriz.
Urteak ziren kanporatzeko arriskuan diren etorkinak laguntzen dituen Cimade elkarteak Lapurdi eta Gipuzkoa arteko mugan Schengeneko hitzarmena bortxatzen zela salatzen zuela. Aldiz, salaketei entzungor eginez, Poliziak atxiloketa sistematikoak egin ditu azken urteotan. Atxiloketak Sarkozyren Gobernuak immigrazioaren kontrako kanpainan ezarritako kanporaketa kuotak betetzeko egiten ziren.
Luxenburgoko Auzitegiak Estatu frantziarreko Gobernuari oroitarazi dionez, Schengeneko hitzarmeneko sinatzailea da, eta, hortaz, «mugetako kontrolak» Europa mailan hartuta dituen konpromisoen kontrakoak dira. Kasazio Auzitegiak ekainaren 29an erabaki hori baieztatu ostean, ez dago hitzarmenaren bestako interpretaziorik egiterik.
Baionako Cimade elkarteak atsegin handiz hartu du bi auzitegien erabakia. Izan ere, urteotan elkarteak egindako salaketa babesten du.