GARA > Idatzia > Mundua

Italiako prentsa mutu geratu da Mozalaren Legearen aurka protesta egiteko

Gloria MORENO

Italiako komunikabide gehienek FNSI kazetarien sindikatuak antolatutako lanuztearekin bat egin zuten atzo, Silvio Berlusconiren Gobernuak bultzatutako Mozalaren Legearen aurka eginez.

Egun osoan zehar, telebista kate, egunkari eta irrati gehienek euren argitalpenak gelditu zituzten, ekainaren 10ean Italiako Senatuak onartu zuen legearekin ados ez daudela agertarazteko.

Lege berriak,besteak beste, ikerketa judizialetako entzuketa telefonikoen erabilera mugatzea du helburu, baita azken horien argitalpena debekatzea ere.

Egunkari gehienek ez zuten idatzizko ediziorik argitaratu atzo, eta on line bertsioak ere ez zituzten eguneratu. Irratiek, aldiz, musika emanaldiekin ordezkatu zituzten beraien ohiko programazioak.

Grebarekin bat egin aurretik, egunkariek editorialak kaleratu zituzten lanuztearekin bat egiteko arrazoiak azaltzeko. Berlusconiren familiaren esku dagoen «Il Giornale» egunkariak, aldiz, nahiagoa izan zuen grebarekin bat ez egitea. Vittorio Feltri zuzendariak editorialean justifikatu zuenez, «nola eska daiteke prentsa askatasuna egunkariak publikatzeko askatasunari nahita uko egiten baldin bazaio?».

Askatasunak mugatuz

Lege berriak Diputatuen Ganbararen oniritzia behar du orain. Mozalaren Legearen arabera, entzuketak 5 urte baino gehiagoko kartzela zigorrak aurreikusita dituzten delituetan bakarrik onar daitezke. Bestalde, entzuketa horien iraupena 75 egunekoa soilik izan daiteke.

Entzuketen transkripzioak argitaratzen dituzten egunkariek, bestalde, 300.000 eta 450.000 euro bitarteko isunak jasotzeko arriskua izango dute. Legea betetzen ez duten kazetariek, gainera, kartzela zigorrak jaso ditzakete.

Silvio Berlusconik, bere aldetik, legearen defentsa sutsua egin du. Presidentearen arabera, legearen helburu bakarra herritarren bizitza pribatua errespetatzen dela bermatzea da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo