Sega Euskal Herriko Txapelketa
Aizarnan jarriko da abian oso laburra izango den era tradizionaleko denboraldia
J.L.
Segan jadanik jokatu dira azkartasuneko saioak, bai federazioak, baita Almitza elkarteak antolatuta, baina bihar hasiko da betiko erako segalarien denboraldia. Aurtengoan, gainera, inoiz baino laburragoa izango da.
Aizarnan, herriaren sarreran dagoen belardian, 11.30ean hasita, jokatuko dira Euskal Herriko Txapelketako finalerdiak. Bi multzotan banatuko dira, eta multzo bakoitzean hiru segalari arituko dira. Horietatik, bakoitzeko bi onenek -ordu erdian kilorik gehien ebakitzen dituzten bi segalariek- egingo dute aurrera, eta finala hilaren 18an jokatuko da Oiartzunen, Pikoketan.
Bihar, lehen finalerdian, Ormaetxea, Intxaurbe eta Mariñelarena arituko dira. Ormaetxea da garaipena erdiesteko faborito nagusia, ez biharko saiorako bakarrik, baita Euskal Herriko txapela lortzeko ere. Multzo horretan, Mariñelarena da finalean sartzeko aukerarik gehien dituen beste segalaria, edo hori uste dute sega zaletuek.
Beste finalerdian, Kanflanka, Atxa eta Etxeberria arituko dira. Kanflanka da irabazteko faboritoa, eta Etxeberria da finalean berekin batera izateko beste faboritoa.
Harri-zulatzea
Harri-zulatzaileen Euskal Herriko Ligako jardunaldia jokatuko da bihar Barakaldoko plazan 19.00etatik aurrera. Txorierri, Kabiezes, Burdin Gazteak, Trapagaran, Gallarta, Las Karreras, Errekatxo eta KZ Kolpeka izango dira lehian. Txorierri doa sailkapeneko lehen postuan.