Bandera gorriari lehen astinaldia eman diote gazteek San Adrianen
Arratia eta Hego Uribeko martxa hasita badago ere, atzo egin zuten gazte independentistek «Astindu bandera gorria! Goazen independentziara!» Udako Gazte Martxak dinamikaren aurkezpena. Banderari lehen astindua ematera San Adrianera hurbildu ziren atzo gazteak.
GARA
San Adriango pasabideak haize leku sona omen duela-eta, euren banderari lehen astinaldia ematera hurbildu ziren atzo Aizkorri ingurura dozenaka gazte. «Bilduta izan dugun bandera gorria hartu eta berau astintzera gatoz», zioten. Hain justu ere, udararen etorrerarekin batera, ekintzaz edo ekimenez beteriko agenda prestatu dute gazte independentistek eta horren berri eman zuten atzo. «Banderak sentimenduak eragin eta inguruan jendea biltzeko duen ahalmenaz jabetuta, bihotz gorria azaleratzera gatoz, sentimenduok lau haizetara zabaltzera», zioten. Datozen aste eta hilabeteetarako Udako Gazte Martxak dinamika prestatu dute, «Astindu bandera gorria! Gozen independentziara!» lelopean herrialdetan zein eskualdetan egingo dituzte ibilaldiak.
Martxa horiek ibilaldi «huts» izatetik harago, formakuntzarako gune ere izatea nahi dutela agertu zuten, betiere gazte problematikari helduz eta arazo horientzako irtenbideen eta alternatiben gainean jardunez. Bestalde, euskal gazteak bildu eta «herri honek duen aukera bakarra independentzia dela erakusteko» asmoa dutela azaldu zuten. Hala zioten: «Independentziarako atea parez pare dugu eta berau irekitzeko lana egin beharko dugu, baina independentziarako bidea egitearekin batera gure herri eredua ere eraiki behar dugu, eta hori, dudarik gabe, borrokaz eta lanaz lortuko dugu». Atzoko ekimen honekin eman zioten hasiera, beraz, Udako Gazte Martxak ekimenari.
Hala ere, dagoeneko, Arratia eta Hego Uribeko eskualdeetan barrena hasia da lehen martxa. Bizkaian, hurrengoan Txorierritik Busturialderainokoa izango da, Uribe Butroetik barrena abuztuaren 4aren eta 6aren artean. Azken egun horretan Natxitxun Gazte Eguna ospatuko dute. Abuztuaren 7an, berriz, Mutrikun Lea-Artibaiko Gazte Eguna izango da eta 24an Bilbokoa. Durangaldean eta Uribe kostan irailaren 17tik 19ra egingo dute ibilaldia.
Gipuzkoan, bestalde, Azpeitia eta Zaldibi artean uztailaren 15etik 17ra egingo da. Araban, uztailaren 16tik 18ra, Ozaeta eta Agurain lotuz. Nafarroan, bestalde, abuztuaren 6tik 8ra Sakana zeharkatuko dute. Iparraldean, azkenik, abuztuaren 29an Okaben, Irati mendian, elkartuko dira.
Martxaren gainean Des-Kontrol taldeak egindako kanta zabalduko dute datozen egunetan.
Arratia eta Hego Uriben hasita, abian da dagoeneko Udako Gazte Martxak ekimena. Ekainetik irailera Euskal Herriko herrialde guztietara iritsiko dira.