GARA > Idatzia > Iritzia> Txokotik

Maite Ubiria Kazetaria

«Adéu Espanya», agur balitz hobe

Uztaila helduta, kontenplazio garaian sartzen gara. Entzierroa begiratu, Tourreko etapa segitu, hiriko terraza batean eserita edo hondartzan etzanda izanki, urteko erritmo azkarrari bizkarra ematen diogu. Begiekin aski dugu karriketan janzkera inposiblea soinean daramaten giriak zein zeruan jokatzen den tximista eta trumoi dantza segitzeko.

Ekaitz sasoia da. Tenperaturak, tematia, gorako bidea hartzen du, zerua lehertzeko zorian jarri arte. Catalunyan, alegia, ekaitzek egundoko espektakulua sortzen dute. Begira geratzeko moduan izanen dira bertako ekaitzak, zeruak hamaika kolore -Herbehereetako laranja, barne- hartzen baititu bere zama bortizki askatu aitzin.

Sanferminetatik ihesean, urtero Salouko bidea hartzen duten nafar herritarrek ongi ezagutzen dituzte aroak, zirt-zart, egiten dituen aldaketak.

Aurtengo uda bereziki beroa datorrela iragarri digute. Ekaitzak behatzea gustukoa dutenek, segur aski, aspaldi prest dute bideo tresneria, zeruaren eztanda hoberena betikotzeko irrikan. Begiratu tximista horrek marraztu duen zirri-zarra, kasu badatorrela burrunba!

Espainiako Auzitegi Konstituzionalak ekaitz garaia bereziki ikusgarria izan dadin ezinbesteko ekarpena egin du. Gominaren laguntzaz Madrilek orraztutako Estatut-ari buruzko epaia plazaratu eta gero, autonomismoaren eguzkipean alper-alper eginda urteak kieto igaro dituztenak ere asaldatu dira.

Horiek horrela, urtetan Madrilgo gobernuarekin aurrekontuak negoziatzeko ez bazen, nehoiz sobera presaturik ez ziren politikari batzuk, tipi-tapa ikusi ditugu, atzokoan, Bartzelonan.

Sedentarismo politikoaren aurkako terapiak arrakasta du Catalunya eta Euskal Herrian. Gora osasuna! Mugimendu sakonak sumatzen dira, kolore eta forma ezberdinak dituzten hodeiak bilduz, zeruan panorama aparta iragartzen digutenak.

Flandria, Eskozia, Catalunya, Euskal Herria... Nazio horiek guziek garatzen dituzten prozesuek badute oinarri komuna: herritarren nahikeriaren arabera eraikitako zeru politiko irekia sustatzea dute xede.

Hala ere, norberak bere landan bildu behar du uzta. Sanferminetako iheslariak Saloutik itzuliko dira. Gaixoa ni! Baita turismo politikoa egitera joan diren abertzaleak ere. Bidea batera egiteko prest dituzte Donostian tipi-tapa ibili direnak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo