GARA > Idatzia > Euskal Herria

Udalbiltzari babesa agertu diote Baionako kontsulatu espainolean

Iparraldeko Bai Udalbiltzari sostengu taldeak deituta, elkarretaratzea egin zuten atzo kontsulatu espainolak Baionan duen egoitzaren aurrean. Guztira 80 lagun inguru bildu ziren, tartean auzipetu eta hautetsiak. Battitt Ameztoik ostegunean Madrilen hasiko den epaiketa gaitzetsi zuen. Era berean, 17an Bilbon egingo den manifestaziora joateko deia egin zuen.

p018_f0247007.jpg

GARA |

Ipar Euskal Herriko Bai Udalbiltzari sostengu sareak deituta 80 lagun inguru bildu ziren atzo goizean Baionan, Estatu espainolak Lapurdiko hiriburuan duen kontsulatuaren atarian. Datorren uztailaren 15ean Madrilen hasiko den Udalbiltzaren aurkako auzia salatzeko elkarretaratzean hainbat auzipetu bildu ziren, tartean Loren Arkotxa, Juan Karlos Alduntzin edo Maribi Ugarteburu. Euskal Herriko hainbat alderdi politiko eta udaletako ordezkariek ere parte hartu zuten deialdian. Ligiko alkate Ruben Gomez, ABko ordezkari Mertxe Kolina, ezker abertzaleko Xabi Larralde, ELBko Dominique Agergarai eta Uztaritzeko hautetsi Battitte Ameztoi Baionan izan ziren, baita LABeko eta Segiko ordezkariak ere.

Hautetsi eta gainerako eragileek, beraz, auzia salatu eta elkartasuna agertu zieten auziperatuei, bereziki Hazparneko herri kontseilari izandako Arlo Etxezaharretari. Battitte Ameztoik hartu zuen hitza elkarretaratzearen amaieran. Audientzia Nazional espainolak Euskal Herri osoko hautetsiak biltzen dituen erakunde nazionalaren aurka abiatuko duen epaiketa gogor arbuiatu ostean, auzipetu guztiei bildutakoen babes osoa adierazi zien Uztaritzeko hautetsiak.

Iparraldeko sostengu taldeak hainbat ekimen prestatu ditu datozen egunetarako. Ostegunean, adibidez, Xarlo Etxezaharretaren herrian, hau da, Hazparnen, elkarretaratzea egingo dute 19.00etan. Horrez gain, uztailaren 17an Bilboko kaleetan egingo den manifestazio nazionalera joateko autobusa ere antolatu dute.

Ekimenak han-hemenka

Bestalde, epaiketa noiz izango zen jakin zenetik gertatu den bezala, Euskal Herriko beste hainbat lekutan ere izan dira egunotan Udalbiltza auziaren aurkako protestak.

Atzo bertan, esaterako, Lekeition egunotan ospatzen ari den kale antzerki jaialdia baliatu zuten hainbat herritarrek Udalbiltzari babesa adierazteko. Parodia bat egin ostean, eskuorriak banatu zituzten bildutako herritarren artean; epaiketa gelditzeko eskatzeaz gain, larunbateko manifestaziora joateko deia egin zuten.

ekimen ugari

Epaiketaren hasierarekin batera, datorren ostegunean, 19.00etan, elkarretaratzea deitu du Hazparnen Ipar Euskal Herriko sostengu taldeak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo