GARA > Idatzia > Kultura

Errenteria plazara atera eta dantzan jarri de erromeria egunak

Baserritarrez jantzitako jende ugari ibili zen atzokoan Errenteriako kaleetan, batez ere Koldo Mitxelena plazan hamaiketakoaren orduan. Txistu eta dultzaina doinuak lagun hartuta, herritarrak dantzan jartzeko helburua bete zuen Errenteriako XII. Erromeria Egunak.

p047_f01_140x96.jpg

p047_f02_140x92.jpg

Maddalen LARRINAGA

Errenteriako Erromeria Eguna Ereintza dantza taldeak bultzatutako ekimena da. Gipuzkoako Dantza Solteko Txapelketa antolatzeaz arduratzen da elkartea, eta, 1999. urtean, lehiaketaren 50. urteurrena zela eta, ospakizun berezi bat egitea pentsatu zuten taldekideek. Txapelketak erakustaldiak izanik, ikusleek parte hartze oso txikia izaten dutela konturatu ziren, eta, horregatik, dantzan oinarritutako jaialdi berezi bat antolatzea erabaki zuten, betiere herritarren partaidetza helburu hartuta. Hala sortu zen orain dela hamabi urte Errenteriako Erromeria Eguna.

Bertara hurbiltzen denak, festa aurkituko du nonahi, Errenteria osoa hartzen baitu jaiak. Hitzordu finkoak daude, noski, hala nola neskatxen soka dantza, herri bazkaria, pailazoen saioa... «Jendeak hainbat ekintza topa ditzake herrian zehar, baina, azken finean, herri dantzetan oinarritutako festa da batik bat», azaldu zigun atzo Jon Maya dantzari eta antolatzaileak. Laura Ereintza dantza taldeko kideak, bere aldetik, jaiaren garrantzia nabarmendu zuen: «Beharrezkoa da gure ohiturek aurrera jarrai dezaten».

Bigarren urtez, neskatxen soka dantza egin zen atzo, 13.15ean. Soka dantza ezberdin ugari daude euskal tradizioan, adibidez, gizon dantza, etxekoandreen dantza edo galaien esku dantza. Errenterian gizon dantza mantendu izan da tradizionalki, betiere San Juan bezperarekin lotuta. Ereintzakoek, aldiz, gizon dantzarekin batera neskatxoen soka dantza ere sustatzeko apustua egin dute. «Neskak protagonista izateko egun bat sortu nahi genuen. Jaien iragarle bezala Erromeria Egunean sartzea aproposa zela pentsatu genuen. Ekimenari jarraipena eman eta egun hori Errenterian neskatxen soka dantzaren eguna izatea lortzea da gure helburua», azaldu zigun Mayak.

Erromeria Egunera adin guztietako jendea hurbildu zen atzokoan, gazteak, haurrak, familiak eta baita jende edadetua ere. «Publiko zabala izaten du jaiak», nabarmendu zuen Mayak.

Alkarkide txarangako Imanolek ere parte hartu zuen erromerian. «Dantzaria eta musikaria naiz, eta, egia esan, jaia hau sarriago egin beharko litzatekeela uste dut. Beti botatzen ditugu faltan dantzariak, bereziki herriko jaietan», esan zuen. «Guk barruan daramagu dantza, gure ohituren parte da. Euskara bezala, gure kultura da. Horregatik, horrelako gehiago egin beharko lirateke, eta ez bakarrik Oreretan, baita beste lekuetan ere».

Azken hamabi urteotan, Erromeria Egunak bi gauza garrantzitsu lortu dituela uste du Mayak. Horrelako ekitaldi baten premia zegoela argi zuten hasiera-hasieratik antolatzaileek eta jaiak, lehenik eta behin, «pizgailu» izatea lortu duela uste dute. Bestetik, jaia egonkortzea lortu dutela ere nabarmendu zuen Mayak: «Errenteriarrek badakite jada Madalen jaien aurreko larunbatean dela Erromeria Eguna. Jaia egutegian sartzea lortu dugu».

Hori bai, urtean zehar ere dantzak badu tokia Errenterian. Horren erakusle, euskal dantzen ikastaroak antolatzen ditu Ereintzak. Erromeria Eguna martxan jartzearekin batera abiarazi zituzten, «jendeari horrelako egun batean dantzan egiteko gaitasuna izateko oinarrizko tresna batzuk ematea garrantzitsua zela uste baikenuen. Herritarrak dantza eginez ondo pasatzea nahi genuen». Atzo Errenterian zegoen giroa ikusita, lortu dute.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo