GARA > Idatzia > Kirolak> Txirrindularitza

Kanpotik Markel IRIZAR Txirrindularia

Sinesmen kontuak

Tourreko bigarren astea amaitzera doa, eta gauzak argitzen doaz poliki-poliki. Ondo bidean, eta azken orduko ezustekorik ez bada, faborito nagusia den Alberto Contadorrek jantzi beharko luke Parisen azken maillot horia. Baina, seguruenik, hori esanda ez dizut ezer berririk esan, ezta? Ba horretxegatik, askoz bitxiagoak eta xelebreagoak diren kontu batzuk aipatu nahi ditut.

Austriako Itzulian nire taldekide Txetxu Rubierak kontatutako gertaera xelebre batzuk aipatu nahi ditut. Txetxuk, zutabe bat idazten nenbilela esan nionean, txirrindularien ohitura eta sinesmenei buruzko bat egitea proposatu zidan. Zorte txarra ekiditeko, txirrindulariok egin ohi ditugun erritual txikiei buruz, alegia. Txeturen azalpenak adi-adi entzuten nituen heinean, txirrindulariak seko txoratuta geundela pentsatzen hasi nintzen. Beno, lehenik eta behin kontatu egingo dizkizuet, eta, gero, zeuek atera ondorioak...

Konturatuko zineten bezala, Cancellarak 13 zenbakidun dortsala du, eta, ondorioz, alderantziz jartzen du. Horrela zorte txarra ekidingo duela uste du. Hori, ordea, ezer gutxi da jarraian kontatuko ditudanen aldean...

Txetxuk Tourrean gelakide izan zuen txirrindulari baten gorabeherak kontatu zizkidan lehenik eta behin. Erlojupeko batera joateko gelatik irten zen taldekidea, eta, behin kanpoan zela, betaurrekoak barruan utzi zituela konturatu zen. Gelako atea jo eta Txetxuri betaurrekoak ateratzeko esan zion. Gelara sartzeak zorte txarra ekarriko ziola uste zuen; hala, kanpoan geratu zen Txetxuk betaurrekoak eraman zain.

Tourrean dagoen gure taldeko txirrindulari batek, aldiz, erabilitako arropak jantzi behar ditu derrigor. Deskuiduan zerbait ahaztu eta autobusetik arropa berriren bat hartu beharra badu, lurrera bota, zapaldu, gainean salto egin... denetik egiten du arropa urratzearren. Horrela zorte txarra uxatzea lortzen duela sinesten du!

Alacant aldean bizi den batek, tik piloa izateaz gain, ohitura arraroak ere bazituen. Ohera sartu aurretik, hiru aldiz ukitzen zuen eskuin eskuarekin; gero, eskuin hankaren gainean jarri eta salto eginez oheratzen zen. Irteteko ere eskuin hankarekin jaiki beharra zuen derrigor.

Baina, xelebreetan xelebreena, gaur egun zuzendari den batek zuen ohitura. Txentek kontatu zidanez, txirrindularia zenean, entrenatzera irten eta errepidean katu beltz bat ikusten baldin bazuen, bertan gelditu eta autoren bat edo norbait etorri arte zain geratzen zen, bidean seko, hanka lurrera botata. Horrela zela autoren batek edo beste txirrindulari batek pasatzen zuenean, bere ustez, katuaren zorte txarra eramaten zuen.

Ohitura eta sinesmen xelebre hauek guztiak kontuan hartuta, ondorio garbi bat ateratzen dut nik neuk: ez dakit, sufrimenduagatik, ala bakarrik entrenatzeagatik, edo hartu ditugun zartatekoengatik, baina txirrindulari gehien-gehienok zeharo pitzatuta gaude.

Eta horrek, niri behintzat, arazo larri bat sortzen dit. Lehendik ere, norabait joan eta oñatiarra naizela esaten nuenean, beti berdina entzuten nuen: «Oñatiarra? Hor denok kristoren `aberia' duzue!».

Ba ederra martxa izango dudana aurrerantzean, txirrindularia eta oñatiarra! Laster bizikletan ibiltzera irtetean, autoetako peto hori horietako bat jantzi beharko dut, atzean datozen autoek jakin dezaten: «Kontuz, `aberiatu' bat bidean».

Besterik gabe, besarkada bero bat eta etzi arte.

 
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo