GARA > Idatzia > Kultura

Letren birziklapena, azken batean, ekologia kontua besterik ez da

Gaur egun ohikoa da aspaldiko kantuei interpretazio berri bat eman eta orain arte sortu gabeko bertsioak zaletuen belarrietan entzunaraztea. Musikan gertatzen da, zineman ere bai, eta artea ere saiatu da berrerabilpenaren ildoari jarraitzen. Harkaitz Canoren aburuz, literaturak ere lotura estua du birziklapenarekin eta, etorkizunean, testu eta poesia zaharrak birkontestualizatzeko pertsonak beharko dira, sorkuntzari beste esparru bat irekiaz.

p040_f01_177x140.jpg

Ariane KAMIO

Poesia hilda dago baina ez naiz ni izan» irakur zitekeen asteburu honetan «Harrikadie» aldizkarian, Eako Poesia Egunetako berripaperean, Joseba Sarrionandiak sinatuta. Hilik ala bizirik, argi dago poesiak, eta euskal letrek orokorrean, ibilbide bat burutu dutela azken hamarkadetan, batzuetan positiboki ikusia eta, beste askotan, beheranzko joeradun uholde emankor baten antzeko hartua izan dena. Literaturak, ordea, beti du zeri heldua, zer kontatua eta nori esana, eta poesia hilik dagoela esatea agian gehiegi esatea da oraindik orain.

Hamaika idazle, irakurle, zaletu eta kritikari bildu dituzte beste behin ere iragan asteburuan Eako Poesia Egunek; literatur emarien eskuetatik lehen pertsonan edateko egarriz-edo, mahai inguruak, hitzaldiak, bazkariak eta irakurraldi musikatuak izan dira nagusi bi egunez Bizkaiko herrian, gipuzkoar askorentzat kasik ezezaguna dena eta autoz kilometro askotxo egin ondoren laztantzen uzten dena.

Iban Zaldua, Xabier Mendiguren, Anari, Iñigo Aranbarri, Anjel Erro, Igor Estankona, Aritz Galarraga, Ander Lipus, Leire Bilbao, Maria Josep Escriva, Rafa Rueda eta Edorta Jimenezek gidatu zituzten, beste askoren artean, larunbatez aurreikusitako ekintza garrantzitsuenak. Atzoko jardunaldia, alabaina, Harkaitz Cano idazle lasartearrak abiarazi zuen Baletxe elkartean gauzatutako hitzaldiarekin. «Literatura DJen garaian» izenburupean, musika eta literatura uztartuko zituen solasaldi bat aurreikusteko aztarnak uzten zituen bide osoan iragarki hark. Baina berriro hildakoez eta desagertuez eta haien atzetik berpiztutakoei buruz mintzatuta abiarazi zuen bere hitzaldia. «Hildakoen atzetik berpizten denak beti hartzen du protagonismoa». Eta poesia hilda badago, zer ekarriko du bere berpizkundeak?

Canok argi dauka bere erantzuna: birziklatzea ezinbestekoa da. «Etorkizunean, ez dugu ezer idatzi beharko, existitzen diren testuak testuinguru berri batera ekarri beharko ditugu. Lurperatutako zonbiak erreskatatzea izango da gure lana», esan zuen. Hala, Walter Benjaminen adibideari eutsi zion; bere ametsa ere birziklatzea ei zen. Nobela bat idatzi nahi zuen besteei lapurtutako esaldiekin, ezer asmatu gabe. «Beti esan ohi da artista kaxkarrek kopiatu egiten dutela eta onek ideiak lapurtzen dituztela», ohartarazi zuen Canok.

Zer birzikla daiteke, ordea? Zonbi horiek lurpetik atera eta bizitza berri baterantz eramateko prozesua artearen esparru desberdinetan ikusi izan da. Zineman, Jean Luc Godardek bere gustuko filmak hautatu eta beste pelikula batzuk sortzen zituen, esaldi edo irudi bakar bat ere asmatu gabe.

Pablo Picassok ere, eskulturaren eremuan, badauka birziklapenari lotutako lanik; hain zuzen ere, bizikleta baten zatietatik abiatuta sortutako zezena. Bizikletaren aulkia eta eskulekua baliatu zituen sorkuntzarako.

Musikan, zer esanik ez, ia egunero kaleratzen dira aspaldiko kantuen bertsio berriak, mozketak, luzapenak edota moldaketa garaikideagoak.

Canoren hitzetan, idazleak ordezkatu du liburua bera. Liburu dendetako apaletan edo «gondoletan» bizirauten duten aleak gutxi batzuk dira. «Liburugintza `Eurovision' lehiaketa bezalakoa da. Zeintzuk dira gure erakusleihoetara iristen diren liburuak? Beren herriaren arima ondoen islatzen dutenak soilik, `Eurovision'-en gertatzen den bezala», azaldu zuen.

Musikagintzan maiz esan ohi da «konposatu egingo dut, beste ezer egongo ez balitz bezala», baina, «zergatik hasiko naiz zerotik hemerotekan hainbeste kantu egonda?». Musikarekin gertatzen den bezala, lasartearraren iritziz, etorkizunean testuak eta poesiak birkontestualizatuko dituen jendea beharko da. «Norberak dakienean ez daukala sorkuntzarako nahikoa talenturik, berrerabil dezala aurrez dagoena!». Azken batean, «ekologia kontua besterik ez da».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo