Epaileak bakartze egoeren amaiera agindu, eta protesta utzi du Aranaldek
Parisko Instrukzio epaileak gose greban egon diren presoen bakartze egoerak amaiarazteko konpromisoa hartu ondoren erabaki du protesta uztea Maite Aranaldek. Mikel Karrerak, ordea, hori berresten duen jakinarazpena jaso arte gose greban jarraituko duela iragarri du.
GARA |
Hemeretzi egun gose greban eman ostean, Maite Aranaldek larunbatean utzi zuen protesta, amnistiaren aldeko mugimenduak jakitera eman duenez, Parisko Instrukzio epaileak gose greban egon diren euskal preso politikoen bakartze egoera amaiarazteko konpromisoa hartu duela jakin ondoren.
Mikel Karrera iruindarrak ordea, gose greban jarraitzeko hautua egin du eta kartzelan bere bakartze egoera aldatuko dela berresten duen jakinarazpen bat jaso arte gainera, hala jarraituko duela eman du aditzera, atzo euren senideekin izandako bisitan. Ekainaren 27an ekin zion Karrerak gose grebari, dagoeneko beraz, hiru aste eman ditu baraualdian eta hamaika kilo galdu ditu egunotan.
Arkaitz Agirregabiriak ere joan den astelehenean utzi zuen gose greba, 34 egunetan 22 kilo galdu ondoren. Santutxuar gaztea ere erabat bakartua zegoen Borg-en Bresseko espetxean eta bakartze egoera amai zedin exijitzeko hasi zuen baraualdia. Haren aitak joan den astean GARAri esandakoaren arabera, Bordeleko kartzelara eramango dute beste bi euskal presorekin batera.
Polizia frantsesak joan den maiatzaren 20an atxilotu zituen hiru euskal herritarrok Baionan. Lau egunez inkomunikaturik egon ondoren, epaileak haiek espetxeratzeko agindua eman zuen. Hasiera batean, eta ohikoa den moduan, Pariseko Fleuryko eta Fresneseko espetxeetan sartu zituzten hirurak, baina egun gutxiren buruan hiru euskal herritarrak euskal presorik ez zegoen espetxeetara eraman zituzten: Agirregabiria santutxuarra Borg-en Bresseko espetxera; Karrera iruindarra Bretainiako Rennes Vezineko kartzelara eta Aranalde ibartarra Poitiers Vivonneko kartzelara, hain zuzen ere.
Erabat bakartuta zeuden hiru euskal presooz gain, Mattin Olzomendi eta Joseba Fernandez euskal presoak ere -Aranalde bezala, Poitiers Vivonneko presondegian baina gizonezkoen moduluan preso daudenak- gose greban egon dira azken asteotan. Aranalderi elkartasuna adierazteko helburua izateaz gainera, ostiralean amaitu zuten gose greba horren bidez euren eskubideak ez zapaltzeko eskatu dute. Estatu frantseseko mendebaldean dagoen kartzela hau erabat berria da eta eskubide asko ez daude jasota ere.
Poitiersera martxa
Aipatzekoa da, ordea, Aranalde, Agirregabiria eta Karrera ez direla bakarrik eta erabat isolatuta dauden euskal preso bakarrak. Etxeratek azken egunotan aditzera eman duenez, Estatu frantseseko espetxeetan hamabost preso dituzte bakartuta.
Isolamenduaren kontra eta bereziki, gose greban izan diren Aranalderi, Olzomendiri eta Fernandezi elkartasuna helarazteko autobus martxa egin zuten iragan larunbatean euren herrikideek Poitiers Vivonneko kartzelara. Ibarra, Hendaia eta Iruñeko 75 herritar bertaratu ziren espetxera eta inguruan bizi diren hainbat lagunek ere bat egin zuten elkartasuna helarazteko ekimenarekin.
Bestalde, atzo, 20 lagun elkarretaratu ziren Bermeon, 37 Iurretan, 13 Euban, 55 Santurtzin, 22 Zaldibian, 47 Laudion eta 16 Bilboko Otxarkoaga auzoan.
Euskal preso politikoekiko Elkartasun Eguna ospatu dute bigarrenez Getarian. Koadrilen arteko jolasak, marmitako jana, bertso bazkaria eta bertso poteoa egin dituzte, besteak beste.
Lakuako Barne Sailak aurrez baimendu arren, ostiralean Algortan Urko Izagirre preso ohiari ongi etorria emateko antolatu zuten ekitaldia debekatu egin zuen Ertzaintzak. Ekitaldia prestatzen ari zirela, ertzainak agertu eta ekitaldia eta ondorengo afaria debekatuta zeudela esan eta kargatu egingo zutela eta baimena eskatu zuen pertsona auzibidean jarriko zutela mehatxu egin zuten. Ongietorria ez baina euskal presoen aldeko ekitaldi bat egin zuten 300 lagunek; horietako bat identifikatu eta mehatxatu egin zuten ertzainei argazkiak ateratzeagatik.
Bestetik, Ertzaintzak atzo Markinako txosnetako argazkiak eta apaingarriak kendu zituen.
GARA