GARA > Idatzia > Euskal Herria

Nafarroan barrena martxa egingo dute datorren astean gazte asanbladek

p015_f01.jpg

GARA |

Urte eta erdi baino gehiago igaro da Nafarroako Gazte Asanbladen Koordinadora eratu zenetik. Orain arte eta etorkizunean NAGAk zein bere baitako gazte asanbladek gazteriari begira lantzen dituzten egitasmoak ezagutarazteko xedez, uztailaren 26tik 31ra Nafarroako eskualdeetan barrena martxa egingo dute.

«Kontsumoaren gizartean, gizartea proiektu pertsonaletara mugatzen den honetan, irudimena eta sormena mugaturik daudenean, gure bizitza goitik behera baldintzatzen diguten honetan, bizitzeko esparru duin bat gure esku izatea ukatzen zaigunean, horrelako gizarterik ez dugula nahi erabaki dugu eta aldatzen saiatzeko hautua egin ere bai; era berean, alternatibak sortzen edota bultzatzen saiatzen garelarik, honek batzen gaitu gu guztiak», adierazi zuten martxaren aurkezpen egunean.

Hogei udalerritan izango dira

Izan ere, tokiko gazte asanblada bakoitzak bere izaera eta inguruaren araberako lanketa egiten duela gogorarazi zuten, baina zerk batzen dituen nabarmenduz batik bat.

Hala, gazte asanbladak batzen dituen arrazoiei eutsiz, horien berri eman eta tokian tokiko lanketa eta dinamikak irudikatuko dituzte astelehenean Iruñetik abiatuko duten martxan. Nafarroako hiriburua atzean utzi ostean, Arguedasera iritsiko da martxa; eta segidan ondoko udalerriak igaroko ditu gazte asanbladen lehen martxak: Azkoien, Faltzes, Tafalla, Larraga, Gares, Lizarra, Arbizu, Leitza, Bera, Legasa, Elizondo, Agoitz, Irunberri, Espartza, Zaraitzu, Uztarroze, Zangotza eta Oibar.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo