KRONIKA Eraikin berriak
Loiolako Erriberako Moneoren eliza zuriak supermerkatua ere izango du
Espazioz oparoa eta materialez xumea. Horrelakoa da, Rafael Moneoren ustetan, berak sortutako eraikin berria. Urumea etxebizitza eraikina eta Kursaal jauregiko kuboen ondoren, arkitekto nafarrak Donostian egin duen hirugarren artelana da Iesu eliza.
Nagore BELASTEGI
Orain dela hiru urte baino gehiago hasi ziren Tuterako arkitektoak proposaturiko eliza eraikitzen, eta nahiz eta oraindik gauza asko egiteke dauden, tartean artista ugariren margolan eta eskulturak, urriaren amaieran inauguratuko dutela iragarri dute. Moneok esan zuenez, espazio handia hartzen duen baina material xumeekin eginda dagoen eraikina da, eta beste artisten lanen eragina izan du sortzeko. Kanpotik, hormigoizko kubo zuri itxi erraldoi bat da, egurrezko ate handi pare bat besterik ez duena.
Barrutik, berriz, argiz eta txokoz beteriko espazio zabala da. Sarreran klaustro bat dago, alboan lorategi txiki bat duena. Eliza bera lauki formakoa da, eta izkinetan beste lau lauki ditu, etorkizunean sakristia eta elizako bestelako kontuetarako erabiliko diren gelak. Espazio karratu horiek sabairaino iristen dira, balkoi moduko mailak sortuz, eta goian gurutze desitxuratu handi bat osatzen dute. Zeruko argia sartzen uzten duten leihoek gurutzea argiztatzen dute eta barneko pareta zurietan islatzen da.
Loiolako parroko Jesus Mari Zabaleta izango da Iesu parrokiako apaiza, eta urritik aurrera lan bikoitza izango du, orain diharduen elizan meza ematen jarraituko baitu. Zabaleta oso pozik dago Moneok egindako lanarekin, bere ustez, «arkitektura hutsaren sintesia eta opari intelektual bat» delako. «Opari bat da artistak duen onena eman duelako, eta proiektuaren hasieratik dena eman duelako».
Moneok, berriz, sintesi bat baino gaur egungo bizitza islatzen duen eraikin gisa ikusten du bere lana, sabaiko gurutzea modernitatearen eta kristautasunaren nahasketa delako. Eliza biluzik dago oraindik, artista anitzen artelanak jartzeke baitaude, baina Moneok zein Donostiako apezpiku Jose Ignacio Munillak eliza bere baitan erakutsi nahi izan zuten, erlijioarekin nahastu gabe eraikina ardazteko. Gotzaina ere oso pozik agertu zen Moneok lortutako emaitzarekin eta, bere hitzetan, elizara joaten direnak ondo sentiaraziko dituen espazio bat da.
Apezpikutzak sustatutako eraikin honetan, Moneok argiarekin eta espazioarekin jolastu du. Kolorerik ez erabiltzea erabaki du elizari itxura hutsala ez emateko eta xumetasuna mantentzeko, nahiz eta auzo bateko eliza izateko oso handia izan. Arkitektoak aitortu zuen harritzen duten txoko ugari dituela eta eliza Oteizaren lanetik gertu sentitzen duela.
Azaldu zuenez, eliza barrutik ez da oso handia eta 400 pertsonentzako tokia izango du, baina katedral gotikoak bezala, oso garaia da eta zerura begiratzera gonbidatzen du. Horrela, Artzain Onaren katedralak duen sinbologia lortu nahi du, baina Kontxako Nautikoaren zurruntasunarekin, kolore zuria oinarri izanik.
Amaiur parkearen ondoan dagoen eraikin honek 9 milioi euro baino gehiagoko aurrekontua du, baina Zabaletak esan zuenez, tenpluaren alboan elizarentzako lokalak egingo dituzte, apaizentzako lau etxebizitza eta bulegoekin, eta horren azpian supermerkatu bat eraikiko dute. Supermerkatua eraikitzeko eremua salduta lortutako irabaziekin eraikina egiten erabilitako diruaren %75 berreskuratzea espero dute, baina oraindik ez dute saldu.
Auzoko eliza garestia
Auzo bateko eliza izan arren eraikuntzak izan duen kostu handia ordaindu ahal izateko erabaki zuten elizaren azpian saltokia egitea. Aurretik beste bide batzuetatik diru laguntzak lortzen saiatu ziren, baina lortu ez zituztenez enpresa pribatuengana jo behar izan zuten. Horrela, orain arte elizetako sotoek zuten izaera sakratuarekin hautsi nahi izan du Moneok, bere ustez, supermerkatua eliza azpian badago elizara joatearen erritua hozkailua betetzearenarekin lotu daitekeelako.
Horrez gain, dirua eskuratzeko 100 autoetarako tokia izango duen aparkaleku pribatua ere egongo da elizaren etxebizitzen azpian. Ia 10 milioi euroko auzoko eliza honek 500 metro karratuko azalera du, eta lokalen espazioak bikoitza. Nahiz eta eliza eta supermerkatua eraikin berean egongo diren, bakoitzak bere sarbidea izango du.
Moneok eraikin famatu asko egin ditu mundu osoan zehar, eta guztiek dirutza handiak izan dituzte tartean. 2002an Los Angeleseko katedrala eraiki zuen. Sei urte eman zituzten obretan eta 193 milioi dolarreko aurrekontua izan zuen. Madrilgo Atocha geltokia handitzeko lanek 520 milioi euroko aurrekontua izan zuten, eta Vigoko udaletxearen ingurua aldatzeko lan polemikoek 116.000 eurokoa.
Arkitektoak oso gustu garestiak ditu eta bere eraikinak egiterakoan diru asko behar izaten du gehienetan. Askotan, diru gutxiagorekin egin daitezkeen obrak dira, baina berak horrela egin nahi izaten ditu. Diru hori, noski, kontratatzaileak ordaintzen du, eskuarki udaletxeak, eta, finean, diru hori guztion poltsikotik ateratzen da.