Mauletarrak eta egitura publikoak Agerria eremuaz jabetzeko bat eginik
Bi milioi euro biltzea lortu dute Maulen Agerria fraidetxea erosteko. Duela urtebete 6.000 metro karratuko eraikina eta inguruko ehun bat hektarea lur salgai jarri ziren. Berrehun bat herritar eta lekuko egitura publikoak biltzen dituen SEM sozietatea sortu da.
Ainize BUTRON |
2009. urte hasieran jakinarazi zuen Eskola Kristauen anaien kongregazioak Mauleko Agerria apaizetxea salduko zuela. Urtebete igaro da geroztik, eta, garaian Mixel Etxebeste Zuberoako hiriburuko auzapezak azaldu asmoak bete dira. Izan ere, Mauleko hiria zabaldu ahal izateko 97 hektareako fraidetxe horretaz jabetzeko xedea zuela jakinarazi zuen, eta, horretarako, herritarrei parte hartzera dei egin zien.
Bi milioi euro bildu behar zituen Maulek Agerria eremua erosi ahal izateko, eta, berriki Herriko Etxeak plazaratu duenez, kopuru hori eskuratzea lortu du. SEM ekonomia mistoko sozietatea eratu dute horretarako.
Egitasmo horretan Zuberoako norbanako edo egitura pribatuak (%80), Xiberoa herri elkargoa eta Mauleko Herriko Etxea bilduak dira. «Herritarren parte hartzea handia izan da. Akzioak erosteko bi era finkatu genituen: 1.000 euroko akzioak edo 500 eurokoak», argitu zuen auzapezak. Orotara, 1.000 eurotan berrehun akzio saldu dira, eta hiru lagunek 500 euroko akzioak hartu dituzte. Hau da, berrehun bat herritar Agerria lur eremuko Ekonomia Mistoko Sozietatearen akziodun dira.
«Sozietate hori oso berezia da, herritarrek egitasmoarekin bat egiteaz gain, eremu horren kudeaketarako sortu den sozietatean parte hartu ahalko dute. Administrazio kontseiluan badira herritarren ordezkariak, bai eta eremuko basoak eta eraikina kudeatzeko eta bertan finkatuko den egitasmoa ikertzeko sortu diren lan taldeetan ere», gaineratu zuen Etxebestek.
Proiektua «asmatzeko»
Azkenik, EPFL lurzoruaren inguruko lekuko egitura publikoak proiektuan esku hartu du, Agerria erosten laguntzeko. Agerria eremua pribatu zein egitura publikoak batzen dituen SEM egituraren esku dago, beraz, dagoeneko. «Usaian SEM sozietatea aparkaleku, ur eta zaborren kudeaketarako egitura publikoak eta enpresa pribatu handiak elkartzen dituen bilgune da. Oraingo honetan herritarrek dute osatzen eremu pribatua. Zuberoarentzat oso ekimen positiboa da, gure garapenerako indarrak gure baitan ditugula agerian jartzen baitu», goraipatu zuen berriz auzapezak.
Martxoan sortu zen SEM. Baina, dagoeneko Agerria eremuak bilduko duen egitasmoa «asmatzeko» dago.
Maulek Agerriaren jabe izatea garrantzitsutzat jotzen zuen lekuko garapenerako. Ekimen horren bidez, animazioak eta lekuko kontsumoa bultzatu eta lanpostuak sortu nahi dituzte.