Julen Zulaika Askapeneko kidea
Kolonbiaren independentzia noiz?
Kolonbian bizi den egoera konplexua da oso eta, zoritxarrez, itsasoaren bestaldeko herrietan, berau izango da gaur egun zanpaketarik larrien eta gogorrenak jasaten dituena; hainbestetan, bertako nahiz kanpoko agintari boteretsuenak demokraziaren zapi zuriz estaltzen ahalegintzen diren arren. Oihal zuriak, baina, ez du azpian geratzen dena beti estaltzea lortzen eta noizbehinka agerian geratzen dira basakeria eta giza eskubideen urraketa amaigabeak. «Latinoamerikako Israel» izena nonbaitetik datorkio, noski, eta ez da Mossad-ak bertan burutzen dituen entrenamendu eta laguntza militarragatik bakarrik, bi gobernuen antzekotasunagatik baizik.
1810eko uztailaren 20tik hona bi mende luze pasa diren arren Estatu berri hau sortu zenetik, zapalkuntzarik nahiz borrokarik gabeko hamarkadarik ez dute ezagutu kolonbiarrek. Besteak beste: aberatsen eta pobreen arteko lehia baita bertakoa; lur jabe handien eta lurrik gabeko nekazarien artekoa; sortu zenetik gaur egunera arte iraun duen guda sozial, politiko eta militarra, hain zuzen. Benetako egoeraz jabetzeko azken urteetako zenbait gertakari eta datu aztertzea besterik ez dugu.
Mundu mailan barne errefuxiatu gehien duen herrialdea da Kolonbia, Sudanen ostean. Lau milioi lagunek alde egin behar izan dute beren etxeetatik azken bost hamarkadetan. Gehienak, nekazaritza guneetatik hiriguneetara joan dira paramilitarren jazarpenak eraginda, hau da, latifundio eta multinazionalen interesak babestearren herritarren aurka burututako ekintzen ondorioz. Paradisu bikaina da Kolonbia atzerriko interes ekonomikoentzat. Espainiar transnazionalak, esaterako, 160tik gora dira. Izan ere, langileen eskubideak ez dira existitzen herri honetan: mundu mailan erailtzen diren 3 sindikalistetatik bi bertakoak dira. Edari freskagarri bat baino ez dirudien Coca-Cola enpresak hamarnaka langile erail, dozenaka desagertu, eta sindikatuetan egoteagatik kaleratuak milaka batzuk baditu. Lur emankor eta natur baliabide ugariko eremuak, berriz, nekazari eta jatorrizko herritarrik gabe geratzen ari dira, ezin utziko ditu Kapitalak bere horretan hain gutizia desiragarriak.
Barne errefuxiatuez gain, ondoko herrietan nahiz Europan babesa topatu behar izan duten kolonbiarrak jadanik 6 milioi inguru dira. Izan ere, Kolonbiako biztanleriaren erdia pobreziaren mugan bizi da, dolar bat baino gutxiagorekin eguna pasa beharrean eta 6 milioi inguru miseria gorrian. Desagertuak, aldiz, 50.000tik gora dira, hobi komunetan ezkutatuak inpunitate osoz. 4.000 hobitatik gutxi batzuk baino ez dituzte aztertu, eta sendiei ADN gisako probak egitea ukatzen zaie askotan, proba garestiak antza. Positibo faltsuen estrategiaren bitartez erailak jadanik 5.000 inguru dira. Gehienak nekazari edo nolabaiteko elkarte zibiletan antolatutako kideak, eta Armadak erailak, prentsaren aurrean gerrillari moduan agertuz. Kartzeletako egoera ere ez da hobea, 7.500 preso politiko dituzte bertan, eta Euskal Herrian hainbestetan gertatu ohi den bezala, han ere fikziozko akusazio eta epaiketa faltsu, nahiz komisaldegietako tratu txarrak egunerokotasun bilakatu dira, tamalez.
Ez dirudi, ordea, Juan Manuel Santosek, Uriberen jarraitzaile den presidente berriak, aldaketarik ekarriko duenik herrialde honetara. Besteak beste, defentsa ministro ohiak gerraren eta genozidioaren bidea jarraitzeko asmoa azaldu baitu. Honetaz gain, bere lehengo karguan positibo faltsuen bideari ekin ziolako, eta, Ekuadorreko subiranotasuna hautsiz, 2006an Sukunbioetako bonbardaketa bere aginduz egin zelako. Lehengo bideari ezarri nahi dituzten base militar yankiak batuko zaizkio: 7 guztira. Eta aspaldidanik lur hauetan aritu diren militar estatubatuarrek askatasun handiagoa eta azpiegitura hobea izango dituzte, bai Kolonbian bertan aritzeko, bai inguruko herrialdeenganako kontrola ziurtatzeko. Eta ez dirudi datozen urteetan bake eta justiziarako tarte handirik izango dutenik.
200. urteurrenaren harira, Bogotara iritsiko den martxa batek salatuko du lehenago aipaturiko egoera tamalgarria. Bertan, nekazari, jatorrizko herri, jatorri afrikarreko biztanle, emakume, jornalari, langile, langabe eta gainerako elkarteak batuko dira, Kolonbiarentzat benetako independentzia eskatzeko, herria saldu nahi duten agintarien aurka, bestelako etorkizun baten alde. Geuk ere, Askapenetik, bat egiten dugu ekimen honekin eta geuk ere Kolonbiarentzat, nahiz Abya-yalako gainerako herrientzat benetako independentziaren aldarria egiten dugu: herriok independentzia.