Jarrera kontu bat, Broad Peak-en
Alberto Iñurrategik (eta, berarekin batera, Juan Vallejok eta Mikel Zabalzak, jakina, nahiz eta bi hauek ez duten zapaldu Broad Peakeko Gailur Nagusia -hirugarren tontorra, alegia-) ba ote daki zer egin duen? Jakingo du, seguru, galdera erretorikoa baita, baina egindakoari merezi duen dimentsioa emateko baliagarri da baliabide literario hau, batez ere Broad Peakeko Olinpoan norekin dagoen ikusita: Kukuczka handia, Kurtyka, Hattori, Kitamura eta Todaka.
Simone Moro italiarrak sarritan errepikatu du lelo hau: «Nire ametsa ez da igotzea, nola igotzen dudan baizik». Esan gabe, seguru asko, baina balentria egin duten hiru mendizale hauen jarduerak filosofia hori islatzen du: zer eta nola. Eta nola horretan (majo erakutsi dute hirurek azken urteotan) kirol jomugak islatzen dira, jakina, baina baita jomuga pertsonalak ere, jarrera kontu bat, mendiarekin eta jendearekin. Ez da esan nahi besteek egiten dutena (Edurne Pasaban izan daiteke gaur edozeini burura etor dakiokeen adibidea) ez denik garrantzitsua, nabarmentzekoa. Ez horixe! Bere buruari norberak jarri behar dizkio helburuak eta ametsak. Zabalzak, Vallejok eta Iñurrategik ederki erakutsi dute, aspalditik, beraienak beharbada ez direla lehen orrialde guztietan azalduko (agian ez zaie gehiegi axola, jakina), baina, merezi, gutxik bezala merezi dutela, eta hizki handiz gainera.