Aste Nagusiko bertako taldeen erakustaldiak 16 talde izango ditu Bilbon
Bilboko Aste Nagusiko Bertoko Pop Rock Erakustaldiak 25 urte beteko ditu aurten. Ekimena Bilborock aretora itzuliko da eta hamasei talde bilduko ditu, emakumezkoen eta euskararen presentziari lehentasuna emanda. Abuztuaren 21etik 28ra bitarte izango dira zuzenekoak.
A. BILBAO | BILBO
2010eko Aste Nagusiko Bertoko Pop Rock Erakustaldiak 25 urte beteko ditu aurten, eta hamasei talderen partaidetza izango du.
Zuzeneko guztiak iluntzeko zortzietan izango dira, abuztuaren 21etik 28ra bitartean, Bilboko Aste Nagusian, eta Unamuno plazatik Bilborockera aldatu eta hemendik Bailen kalera igaro ostean, aurten, gainera, berriro ere Bilborock aretora bueltatuko da.
25. urtemuga dela-eta, gainera, erakustaldian parte hartuko duen talde bakoitzaren jarduna 16 pistako audio digitalean grabatuko da. Egunero bina talde izango dira oholtza gainean, musika tankera ezberdinetan banatuta. Aurreko urteekin alderatuta, edizio honetan aurkeztutako talde kopuruak gora egin du. Iaz parte hartzeko 56 eskakizun jaso ziren, eta aurten, berriz, 71 taldek eman dute izena (25 urtetan 1.500 eskakizun jaso eta 200 talde inguruk parte hartu du erakustaldian). Arauetan, besteak beste, tartean neskak zituzten taldeak eta euskaraz abesten zutenei lehenetsi zituzten.
Zortzi musika joera
Parte hartuko duten 16 taldeetatik bik Bilbo Hiria Lehiaketan lortu zuten Aste Nagusian Bilborocken jotzeko saria, The Extended Plays eta Thee Qüibbles taldeek.
Erakustaldia rock&roll iluntzeak irekiko du abuztuaren 21ean, neskez osatutako Metraia eta Barakaldoko Porco Bravo taldeen parte hartzearekin. Biharamunean, igandea 22, metalaren txanda dugu, Evil Seeds eta All Reasons taldeen jardunarekin.
Astea hard rock soinuek hasiko dute astelehenean, Last Fair Deal eta The Sulfatorsen eztandarekin. Asteartean, indie rock doinuak, Autoestereo eta Eightmanen eskutik, eta asteazkenean, abuztuak 25, Vinagre eta Elfo Negroren punk rock amorratua.
Azken txanpan, garaje rocka ostegunean, Ultimo Dia eta Gora Gora Kidsekin; rock metala ostiralez, Meido eta Horn of the Rhinorekin; eta power popa jaiak bukatzeko, The Extended Plays eta Thee Qüibblesekin.
Unamuno plazatik Bilborockera eta hemendik Bailen kalera, hogeita bost urte betetzen dituen ekimenak La Merced elizako oholtzara itzuliko da aurten, hamasei talderen parte hartzearekin.
Hamasei talde izango dira Bilboko jaietan Bilborocken zuzenean joko dutenak, eta 25. urtemuga duenez, ekimenak zuzenekoen 16 pistako grabaketa oparituko dio parte hartzaile bakoitzari, oroigarri gisa.