Nekazaritzarako diru laguntzak era «justuagoan» bana daitezen eskatu dute
GARA |
Nekazaritza Politika Bateratuaren (NPB) erreformaren inguruan Europako Batzordeak egin berri duen galdeketa baten arabera, nekazaritzara bideraturiko laguntzak era «justuagoan» bana daitezen nahi dute europarrek. Era berean, laguntzak banatzean ekoizle txikienen, egoera latzena bizi duten eskualdeen eta Europar Batasuneko herrialde berrien alde egin dezaten babesten dute herritarrek.
Europako Batzordeak bi hilabetetan burutu du 2013. urtetik aurrera NPB erreformatzeko galdeketa Internet bidez eta atzo aurkeztu zituzten bildu dituzten emaitzak. Izan ere, bi egunez galdeketa honen bidez jaso dituzten ideia nagusien inguruko eztabaida egiten ari da Europako Batzordea. Gero, urte bukaerarako, nekazaritza politika europarraren etorkizuna erabakitzeko proposamenak aurkezteko asmoa du.
Nekazari «txikien» alde
Dacian Ciolos nekazaritza gaietarako Europako komisarioak azaldu zuenez, europarrek badakite NPB indartsu bat beharrezkoa dela. Zentzu horretan, herritarren gehiengoak nekazari «txikien» alde egiten dutela baieztatu zuen.
Hala nola jaso dituzten 6.000 erantzun inguru oinarri hartuta, iritzi publikoak nekazaritzapolitikek elikagaien ekoizpena eta landa eremuko lanpostuak manten ditzaten eskatzen duela azaldu zuen galdeketa aztertzeaz arduratu den lan taldeak. Era berean, herritarrek eremu publikoaren parte hartzea defendatzen dutela baieztatu zuten, azaldu zutenez, jendeak ez baitu uste merkatuak, beraiek bakarrik, nahikoa direnik helburu horiek lortzeko.
Lehiarako baldintza justuak
Sektore honetan murgilduta dauden eragile eta herritarrek gainera, inportaturiko eta lekuko produktuen arteko lehian baldintza justuak berma daitezen eskatzen dute. Era berean, ekoizlearen, industriaren eta supermerkatuen artean prezioak ezartzeko unean ere «gardentasun» handiagoa beharrezkotzat jo dute.
Jasotako iritzien artean nabarmendu zituzten beste alorretako batzuk ingurumena eta aldaketa klimatikoa izan ziren. Hala, NPBk ingurumena babestu eta klima aldaketa geldiarazi behar duela adierazten dute herritarrek, baita, EBko politikak garapen bidean diren herrialdeak kaltetu ez ditzan ere.
Nekazaritza Politika Bateratua nola erreformatu eztabaidatzeko bi eguneko biltzar honetan Europar Batasuneko herrialde guztietako 600 adituk baino gehiagok hartu dute parte. Hala ere, Bruselak urte bukaerarako aurkeztuko ditu bere lehen proposamenak, eta beraz, negoziazioa ez da 2011. urtea baino lehenago hasiko.
Bestalde, 2013. urtetik aurrera nekazaritza alorra arautuko duen politika berria ezartzeko orduan, orain arte ez bezala, Europako Parlamentuak erabakitzeko boterea izango du, Ministro Kontseiluarekin batera.
2010. urteko aurrekontuaren arabera, Europar Batasunak 58.000 milioi bideratu ditu Nekazaritza Politika Bateratura.