GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

Tourra Pirineotan

Euskal Jaiak!

Markel IRIZAR, Txirrindularia

Pirinioetako etapa zoragarri bat ikusi eta gero ekiten diot zutabe hau idazteari. Nahikoa saltsa ekarriko duen mugimendu bat egon da mendatean gora, eta soka luzea ekarriko duela uste dut. Batzuek kontrakoa pentsatzen dute, baina arerioak matxura bat izan duen momentua erasotzeko baliatzea ez dut oso gogoko. Argi dago ezin direla beti itxaroten ibili, baina hori beste batek egingo balu, batzuek ez lukete berdin justifikatuko.

Iritsi dira horrenbeste desio genituen Pirinioak, eta uste dut azken astean saltsa dezente ikusiko dugula. Honen harira dator gaurko prestatu dizuedan zutabetxoa.

Batzuek, gaurko izenburua irakurtzean, Zarauzko euskal jaiei buruz idatziko nuela pentsatuko zenuten, baina ez; beste era bateko euskal jai batzuei buruzko aipamen bat egin nahi dut gaurkoan.

Badira kirol proba batzuk, daukaten karisma edo sonagatik, euskal zaleok goitik behera hartzen ditugunak. Baliteke, urte guztian, kirol horretako beste proba batzuetara ez joatea, baina Behobia-Donostia, Aizkorriko maratoia, Kontxako bandera, Quebrantahuesos ala Frantziako Tourra bada, euskal zaleak nonahi aurki ditzakegu.

Azken honi dagokionez, iritsi da euskal zaleok horrenbeste estimatzen ditugun Pirinioetako etapak. Ia «geureak» ditugun Pirinio horiek, kamiseta laranjez eta ikurrinez josiko ditugu. Batzuk, kanpin denda eta autoa hartuta; beste batzuk, gure artean horrenbesteko arrakasta duten furgonetetan. Ahaltsuenek, autokarabana dotore eta erosoetan, eta beste batzuk, aurrez antolaturiko txirrindularien peñekin. Milaka litro kalimotxo, garagardo, batek daki zenbat patata-tortilla, okela eta kristo guztiak, kirolaz gozatu, eta parranda pixka bat egiteko.

Baina, txirrindularitza ikusteaz gain, beste gauza baterako aukera aproposa dela uste dut. Pirinioetako egun hauek munduko gainerako herriei txirrindularitza zalego onena dugula erakusteko erabil ditzakegu. Nola animatzen ditugun, lehenengotik azkenera. Arerio nahiz beste zaleak errespetatzen ditugula. Mendi eta bide bazterrak lehen bezain txukun uzten ditugula. Azken finean, laranjaz jantzitako txirrindulari horiek beraien bizkar zein ipurdietan duten ikurrinaren eta Pays Basquen esanahia erakutsi ahal izateko; hemen, Pirinioen mendebaldean, balore eta printzipioz beterik dagoen herri bat dagoela. Goza dezagun txirrindularitzaz gizalegez. Erakuts dezagun gure herriaren, jendearen eta zaleen alderik onena.

Bukatzeko, Aitor Perez Arrieta zoriondu nahi dut egin duen etapa zoragarriagatik.

Besterik gabe, aste on bat pasa dezazuela opa dizuet, eta gogoz anima itzazue gure txirrindulariak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo