GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

Harri-jasotzea Txintxarri Txapelketa

Gazteek freskotasuna eta indarra erakutsi dute

Irigoienek, Izeta IV.ak, Telleria II.ak eta Bertizek aise lortu zuten garaipena.

p036_f01.jpg

Jon LEUNDA

Irigoienek, Izeta IV.ak, Telleria II.ak eta Bertizek osatutako laukoteak irabazi zuen herenegun, sekulako jendetzaren aurrean, Alegian jokatu zen Txintxarri harri-jasotze lehiaketa.

Lauko bi taldez osatutako txapelketa jokatu da aurten. Antolatzaileek gazteez osatutako talde bat zaharragoak diren beste batzuen aurka jarri dituzte eta gazteek freskotasuna erakutsi zuten, garaipena eroso lortuta.

Bost harri erabili zituzten, eta bakoitzarekin bina minutuko txandak izan zituzten. Hasteko, 125 kiloko zilindro kopa erabili behar izan zuten. Gazteen taldetik Bertiz aritu zen, eta sunbildarrak 25 jasoaldi eman zizkion. Beteranoen aldetik, Izeta III.a neurtu zen, eta honek 23 eman zizkion.

Horren ostean, 125eko errektangularrarekin aritu ziren, eta Irigoien izan zen gazteen ordezkaria. Errezildarrak 27 aldiz berdindu zuen bizkarrean. Helduen aldetik, Ostolatza aritu zen lanean, eta zestoarrak 25ekin konformatu behar izan zuen.

Hirugarren harria 112,5 kiloko kubikoa zen, eta hor aita eta semearen arteko dema ikusi ahal izan zen. Izeta IV.ak 19 jasoaldi eman zizkion, eta 20 Izeta II.ak. Hori izan zen beteranoek lortu zuten garaipen bakarra.

Laugarren lanean 100eko zilindro zaharra izan zuten. Gazteen aldetik, Telleria II.a aritu zen, eta 27 jasoaldi eman zizkion. Beteranoen aldetik, Patxi Larretxea izan zen lanean aritu zena, eta nafarrak 24 jasoaldi eman zizkion.

Azkenik, 100 kiloko bolarekin talde bakoitza binaka aritu zen. Gazteen artetik, Bertiz-Izeta IV.a bikoak 29 altxaldi eman zizkion, eta Irigoien-Telleria II.ak 33. Guztira 62 jasoaldi. Beteranoen aldetik, Izeta II.a-Larretxea bikoteak 27 eman zizkion, eta Ostolatza-Izeta III.ak 30. Guztira, 57 jasoaldi egin zituzten. Denetara, Irigoinek, Telleriak, Izeta IV.ak eta Bertizek osatutako taldeak 17.537 kilo jaso zituen, eta Izeta II.ak, Izeta III.ak, Ostolatzak eta Larretxeak osatutako taldeak, berriz, 16.350 kilo.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo