GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

SOKATIRA

Goiherri pisu txikian ere oso erraz aritu da

J.L.

580 kiloko lehia izan da aurtengo Euskal Herriko Txapelketako azkena, eta hor ere Goiherri besteen gainetik aritu da. Erandioko taldea izan zen onena jokatutako tiraldi guztiak irabazita, eta beste bi jardunaldi ere jokatu beharko dituen arren, ez dirudi inork txapelik kenduko dionik.

Berdeek hasieratik erakutsi nahi izan zuten nagusitasuna, eta jokatutako tiraldi guztiak aparteko zailtasunik gabe irabazi zituzten. Horrela, denboraldiko hirugarren txapela lortzeko bidea egiten hasi ziren.

Bigarren postuan sailkatu zen Gaztedi taldea. Laukizkoek galdu egin zuten tiraldia Goiherriren aurka, baina beste bi taldeak mendean hartu zituzten, eta bigarren postuan amaitu zuten jardunaldia.

Getxo sailkatu zen hirugarren postuan. Bizkaitarrek galdu egin zituzten bi tiraldiak lehen bi postuetan amaitu zuten taldeen aurka, baina Goiherri B eta Gaztedi mistoa mendean hartzeko modua egin zuten. Ondorioz, aurten lehen aldiz podiumean sartzeko lehen pausoa eman zuten.

Goiherri B sailkatu zen laugarren postuan. Erandioko bigarren taldeak Gaztedi mistoa bakarrik menderatu ahal izan zuen, gainerakoen aurka jokatutako tiraldi guztiak galdu egin baitzituzten.

Azken postuan, berriz, Gaztedi mistoa geratu zen. Laukizkoek jokatutako tiraldi guztiak galdu egin zituzten, eta postu horretatik irten nahi baldin badute, dezente hobetu beharko dute beren lana. Orain arteko pisu guztietan zazpi talde aritu dira lehian, baina pisu honetan ez dute parte hartuko ez Mutrikuk, ez eta Aresok ere, eta bost talderekin jokatuko da lehiaketa hau.

Eguneko sailkapena eta lehen jardunaldiaren ostean sailkapen nagusia, honela geratu zen. Lehenengo, Goiherri A 5 punturekin; bigarren, Gaztedi 4 punturekin; hirugarren, Getxo 3 punturekin; laugarren, Goiherri B 2 punturekin, eta azken, Gaztedi puntu bakar batekin.

Harri-zulatzea

Harri-zulatzaileen Euskal Herriko Ligako jardunaldia jokatu zen Santurtzin, eta Txorierrik lortu zuen berriro ere garaipena, aurtengo Liga irabazteko faborito nagusiak direla garbi utziz.

Sailkapen nagusian, gainera, lehen zuten aldea ere handitu egin dute, eta txapeletik gero eta gertuago daude. Irabazleek 23 zulo eta 4,8 zentimetro zulatu zituzten. Bigarren sailkatu zen Burdin Gazteak 19 zulo eta 7,9 zentimetrorekin, eta hirugarren Trapagaran 19 zulorekin. Sailkapen nagusian, Txorierrik jarraituko du lehen postuan, beraiek baitira garaipen gehien lortu dituzten taldea.

Lasto-altxatzen, Gipuzkoako finala jokatu zen Alegian. 45 kiloko lasto fardoarekin aritu ziren lanean, eta amaieran garaipena Argaiak lortu zuen 13 jasoaldi eman ostean. Bigarren Egaña sailkatu zen 12rekin, eta azken postuan, berriz, Urreisti 9rekin.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo