Bide berria mendi zahar batean
Juanra MADARIAGA
Mendizalea eta poeta
Phalchan Kangri da bertoko baltientzat Broad Peak izenez ezagutzen den K2ren ondoan dagoen erraldoiaren izena. Gain zabala esan nahi du, tontor zabala, eta egia esan, uste daitekeenaren kontra, bere tontorra ez da batere zabala, puntaren punta ez da inoiz jotzen, sakonik gabeko amildegiaren gainean ezartzen den elurrezko hegia baita, erabat arriskugarria, baina harainoko ertza bai, hori bai dela zabala, eta ederra, alturan nik kurritu dudan ederrena, zalantzarik gabe.
Eta zuri eta beltzaren arteko ertz horretan, hala imajinatzen dut azken egunean Alberto, nekeak jota, ahituta, burua altxa eta altxa, ia distantzian noiz ikusiko punta zorrotz hura, 8.047 metroek mugatzen dituena, Broad Peak-eko punta guztietako soslaitik marraztutako linearen amaiera izango dena.
Gomutan dut 7.850 metro dituen lepora heldu nintzenean, egin nuen lehen keinua tontor printzipalera begiratzea izan zela, eta nire begien aurretik zabaltzen eta luzatzen zen ertzaren perfekzioaren edertasunaz gozatu nuen; eta egin nuen bigarren gauza, erdiko tontorrera begiratzea izan zela, eta altura horretan gelditzen zaizun burmuin exkaxean Kukuczka eta Kurtyka agertu zitzaizkidala ertz malkartsu eta arriskugarrian jaisten.
Orain, hiru euskaldun agertuko zaizkit burmuin desgastatu horretan, eurek bidalitako argazki zuri-urdinak, alturako paraje deskribaezinak.
Hiru mendi, hiru tontor eta oinatz bat hirurona, euskaldunen bulkadaz zortzimilako batean zabaltzen den bide berri batean. Lehen, 7.550 metrora (Iparreko gailurra), lo egin ostean 8.013 metroak dituen erdiko tontor bihurria eta azkenik, 8.047 metroko Broad Peak-eko tontor nagusia. Hori zen proiektua, ametsa eta errealitate bilakatu dutena.
Harritu naiz entzun dudanean lehenik zein ordutegi izan duten (600 metro zortzi ordutan, eta horrelakoak) eta bestetik zein arin egin duten zeharkaldia, eta hirugarrenez harritu ere, Albertok bakarrik jo duela tontorrera, besteok, ahulezia nabarmenenak jota, hauts eginda zeudelako. Eta indar metaketa handia behar dela horretarako pentsatu dut, eta Juan eta Mikel ezagututa, harritu naiz laugarrenez gailurrerainoko Albertoren bakarreko ibilaldiaz (eta gainera denbora ezinezkoan, sei ordutan) eta poztu ere bai, itzelezko igoaldia egin baitute hirurok, gure arteko askorengan bekaitza sortuko duena. Paraje ezkutuak ikusi dituzte eta horregatik, pribilegiatuak dira.
Bide berria mendi zahar batean; mendizale zaharrak, mendi berri batean.