GARA > Idatzia > Mundua

Parisek Al Kaedaren kontra egindako erasoak arriskuan jarri ditu bahituak

Ostegunean Mauritaniako indar armatuek Al Kaedaren kontra egin zuten erasoak Estatu frantsesaren sostengua izan zuela onartu zuen atzo Parisek. Horrelako erasoek matxino islamisten eskuetan dauden bahituen bizitza arriskuan jar dezakete, hainbaten iritziz.

GARA |

Mauritaniako indar armatuek ostegunean Sahara basamortuan Al Kaedaren aurka egin zuten operazioa babestu zuela baieztatu zuen Gobernu frantsesak. Ekintza horren helburua Al Kaedaren eskuetan dagoen Michel Germaneau 78 urteko hiritar frantsesa askatzea zen. Apirilean bahitu zuten Germaneau Niger-en.

Halere, gertaerak Al Kaedaren eskuetan dauden gainerako bahituak - horien artean, iazko azaroan Mauritanian bahitu zituzten Albert Vilalta eta Roque Pascual kataluniarrak- kaltetu ditzakeela adierazi zuten hainbat iturrik.

«Frantziak eskualdeko herrialdeei terrorismoaren aurka egiten dien sostengu eskaintzaren baitan kokatu behar da operazioa», adierazi zuen ohar batean Estatu frantseseko Defentsa Ministerioak atzo.

Horrez gain, erasotako taldea AQMI Magreb Islamikoko Al Kaeda sareko kidea dela eta 2009ko ekainean Edwin Dyer bahitu britainiarra hil zuela nabarmendu zuen Parisek.

«Gure herrikide Michel Germaneauk bizirik jarraitzen duela erakusteko frogak bidaltzeari uko egin diote», adierazi zuen Estatu frantseseko Defentsa Ministerioak.

Vilalta eta Pascualen senitartekoak lasaitzeko-edo, Mauritaniako indar armatuek erasotako taldea ez dela bi kataluniarrak bahituta dituen bera nabarmendu zuen Gobernu espainiarreko lehen presidenteorde Maria Teresa Fernandez de la Vegak.

Bide batez, biak ondo daudela esan zuen Fernandez de la Vegak.

Bestalde, Mauritaniako Barne ministro Mohamed Ould Boililek atzo azaldu zuenez, ostegunean Saharan, Mauritaniako mugetatik kanpo, egin zuten operazioan AQMIko sei kide hil ziren.

Ould Bolili ministroak azaldutakoaren arabera, Al Kaedako beste lau kidek ihesari ekin zioten eta beste bat zauritua gertatu zen. Mauritaniarren aldean, ez zen ez zauriturik ez kalte materialik izan, Ould Bolilek esan zuenez.

«Erasoan, lehergailuak, armak, munizioa eta telekomunikaziorako tresneria atzeman dugu», gaineratu zuen Mauritaniako Barne ministroak Nuakchoten eman zuen prentsaurrekoan.

Bide batez, operazioak Estatu frantsesaren sostengua izan zuela baieztatu zuen Ould Bolilek eta Mauritaniako mugetatik kanpo egin zela ere plazaratu zuen. «Operazioa ez dugu gure lurretan egin, baina ez da gure mugetatik urrun izan», jakinarazi zuen zehaztasunik eman gabe. Halere, itxuraz, Malin izan zen.

erasoa ekidin

Estatu frantsesak Al Kaedaren aurkako erasoaren helburua Michel Germaneau bahitua askatzea zela adierazi zuen; Mauritaniak, ordea, uztailaren 28rako prestatuta zegoen matxino islamisten eraso bat ekiditea zela nabarmendu zuen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo