GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

Hagako Auzitegiaren epaiak are irrigarriago egin du Estatu espainolak Kosovorekiko duen jarrera

Nazio Batuen auzitegi gorenak Kosovoren independentziaren zilegitasuna eta legaltasuna guztiz babestu arren, badira oraindik egitate hori ukatzen jarraitzen duten herrialdeak. Europar testuinguruan espainiar Estatua da horien buru. Agintari espainolek ukatu egiten duten arren, argi dago Euskal Herriaren eta Kataluniaren balizko independentziari dion beldurragatik jokatzen duela horrela. Nolanahi ere, jarrera hori aurretik irrigarria bazen, are irrigarriagoa da orain, Nazioarteko Justizia Auzitegiaren epaia ezagutu ondoren. Bere ahuleziaren erakusle delako.

Aurrerantzean, Europar Batasunak espainiar Gobernuari presio handia egingo dio auzi honetan, bere sinesgarritasuna jokoan baitago. Eta espainiar Estatua ez dago une honetan nazioartetik horrelako presioak jasateko. Nolanahi ere, Moratinosek badu aukera diplomatiko bat: negozia dezala Estatu espainolak Kosovorekiko jokabidea aldatzea EBk Kubaren inguruan duen Jarrera Komuna aldatzearen truke.... hori baita espainiar Gobernuak ospe diplomatikoa berreskuratzeko egin duen apustua. Benetan, espainiar agintariak beren buruari egiten dizkioten tranpetan erortzen trebeak dira gero!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo