GARA > Idatzia > Kirolak> Tour

Bide ertzean

Markel IRIZAR

Txirrindularia

Tourraren hasieran, Ametsek lasterketa barrutik eta nik kanpotik lasterketa nola ikusten genuen kontatzeko asmoa geneukan gure zutabeetan, baina jakingo duzuenez, zoritxarrak biok etxetik idaztera behartu gaitu. Ba, gure ikuspuntua aldatzeko, atzo lasterketa ikustera gerturatu, eta bide bazterretik ikusi ahal izan nuen lasterketa.

Pirinioetan entrenatzen ari naizela aprobetxatuz, txirrindulariak baino ia 4 ordu lehenago abiatu nintzen emazte eta semeekin Marie Blanque aldera, eta, zer eta portua itxita!!! Autoa behean utzi, eta mutiko biak eta lau traste hartuta, oinez gorantz. Eguraldia desatsegina zen, tarteka euri zaparrada batzuk botatzen baitzituen. Karabana ikusgarria ikusi, eta handik ordubetera, txirrindulariak ziztu bizian! Etxetik irten ginenetik, ia 5 ordu pasa eta gero, minutu batez ikusi, eta berriz ere etxera.

Tourmaleteko etapa zoragarri hau ikusten ikaragarri gozatu nuela onartu beharra dut. Schleck eta Contador ikaragarri indartsu zirela erakutsi zuten. Ikuskizun aparta eman zuten, baina, hala ere, ez dut ahaztu nahi Samu egiten ari den Tourra. Samuk podiuma lortzen badu, itzelezko arrakasta izango da talde, babesle eta zale guztientzat.

Hala ere, Euskaltel Euskadiri Samuelen podiumak ikaragarrizko sona eman ahal dion arren, talde honek bere zaleak ditu altxor. Atzokoa eta gero, are gehiago miresten ditut orduak eta orduak itxaroten egoten diren zale horiek. Kilometro mordoxka egin, gaua portuan pasa, eta jo ta su ikurrinak astintzen eta eztarriak urratzen egoten diren zale horiek.

Norbera libre da, lasterketara nahi duen moduan joateko. Baina txirrindularien ondoan biluzik ala ez dakit nola jantzita doazen horien jarrera sekula ez dut ulertu. Baliteke, gure jendeak, korrika egiteko grina duenean, txirrindularien aurrean korrika egin eta horiek arriskuan jakin beharrean, 500 kiloko zezentzarren aurrean sanferminetan euren arra hil eta beste horiek egiten dituzten erakustaldi horiek egiteko beharrik ez izatea. Beste behin, zeuek izan zarete Pirinioetako protagonistak, eta berriz ere jarrera aparta erakutsi duzue. Geure esfortzuak, ezer gutxi balioko zuen, bide ertzean zuek egongo ez bazinete. Horrexegatik, berriz ere zoriondu, eta tropeleko kideen izenean, eskerrak eman nahi dizkizuet zuen bultzadagatik. Besterik gabe, etzi arte!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo