GARA > Idatzia > Kultura

«Aita» filmak Zinemaldiko Sail Ofizialean sartu du euskal zinema

Jose Maria de Orbe euskal zuzendariaren azken film luzea, «Aita», Donostiako Zinemaldian lehiatuko da Sail Ofizialaren barruan, «Elisa K», «El gran Vazquez» eta «Pa negre» filmekin batera. Bere sorterrian filmatu du, hain zuzen, Astigarragako Murgia jauregian. Bertako paretetako dekadentziak eta pertsonaien emozioek ikuslea «bidaia mitologikora» bultzatzen dutela adierazi zuen De Orbek, gainerako filmetatik «ezberdinena» den lana dela gaineratuz.

p039_f01_199x116.jpg

Oihane LARRETXEA | DONOSTIA

«Inor ez da profeta bere herrian, baina, kasu honetan, Zinemaldiak asko lagundu nau. `Aita'-rekin apustua egin du bai euskal zinemaren alde, baita beste guztiengandik ezberdina den pelikularen alde ere», adierazi zion atzo garari Jose Maria de Orbe zinemagileak. Izan ere, `Aita' lan luzeari esker, Astigarragakoak aurtengo Zinemaldian izendapen bikoitza eskuratu du, Urrezko Maskorra eskuratzeko batetik, eta Kutxa-Zuzendari Berriak irabazteko, bestetik. Ekoizpen lanetan aditua, 2006an bere lehen film luzea egin zuen: «La línea recta». Ordura arte film laburrak («Lifeguard», «Jonathan what the hell» eta «Neon») eta zinema publizitarioa egindakoa zen. Azken horiekin gainera, sari ugari irabazi ditu Cannesen, New Yorken nahiz Donostian zinema publizitarioko nazioarteko hainbat jaialditan.

«Aita»-rekin etxera bueltatu da De Orbe. Etxera zentzu guztietan, izan ere, bere jaioterrian filmatu baitu lana. Astigarragako Murgia jauregian, aitaren eta amaren etxean. «Filma egitea oso zirraragarria izan da... esplikaezina da zerk bultzatu ninduen bertan filmatzera, baina hala egin behar nuela sentitu nuen». Hala ere, bidaia «mingarria» izan dela adierazi zuen, «denok atzean gordetzen ditugun pasarteek katarsi ukitu bat dutelako».

Normaltasunaren harribitxiak

Jaioterria azaldu arren, familia ez da gai nagusia, euskal ohitura, sinesmenak edo imaginarioa baizik. Euskal mito horietara heltzeko bidea pertsonaiak dira: Luis Pescador eta Mikel Goenaga, errealitatean etxeko zaindaria eta herriko apaiza dira, eta hala agertzen dira pelikulan. Ez dago aktorerik beraz, egiazko pertsonak baizik: «Jende arruntak duen normaltasun miresgarri hori islatu nahi izan dut. Nire ustez, egunerokotasuneko elkarrizketa eta gertakarietan harribitxiak ezkutatzen dira eta horrelakoetan errealitateak fikzioa gainditzen du. Hain zuzen, horregatik ez zegoen gidoirik. Filmean ikusten direnak haien artean modu naturalean sortutako elkarrizketak dira, gazteleraz nahiz euskaraz. Emaitza pelikula antropologikoa da».

Eszena guztiak Murgia aldameneko elizatxoan eta etxeko lau pareten artean kokatuak dira, ez dago bestelako espaziorik baina oso «piktorikoa» eta bisuala» da: «Lau hormak protagonista bilakatzen dira. Bertako zikinkeriak eta hezetasunak denboraren joan-etorriaz hitz egiten du. Ondo erreparatuz gero, ikuslea ohartuko da gauzek istorio asko ezkutatzen dituztela atzean eta gauza asko kontatzeko gai direla. Kasu honetan lau horma zahar eta zikinek bizitza propioa bereganatuko dute».

Sail Ofizialerako filmen zerrenda luzatuz joango da

Jose Maria de Orberenaren «Aita»rekin batera, Zinemaldiak Sail Ofizialerako beste hiru filmen izenak eman zituen aditzera atzo, eta «datozen egunotan» zerrenda luzatu egingo dela gaineratu zuten. Judith Colell eta Jordi Cadena kataluniarrek Lolita Bosch idazlearen Elisa Kisel obran oinarrituta zuzendu dute «Elisa K». Ez da egin duten lehen lana, izan ere, Colellek 2006an «53 Días de Invierno» aurkeztu zuen Zabaltegi-Zuzendari Berriak sailean eta Cadenak 1991n Sail Ofizialean «Los Papeles de Aspern».

Oscar Aibarren «El Gran Vázquez» da beste sailkatua. Komedia tankerako biopic honetan Santiago Segurak antzezten du Vazquez margolariaren pertsonaia.

Hirugarrena, eta oraingoz azkena, Agusti Villaronga da. «Pa Negre»rekin hirugarrenez izango da Donostian, aurretik Zinemaldian aurkeztu baititu «Aro Tolbukhin» (Sail Ofiziala, 2002) eta «Tras el Cristal» (Zabaltegi-Zuzendari Berriak, 1986) lanak. «Te doy mis ojos» lanagatik 2003an aktoresa onenaren Zilarrezko Maskorra irabazi zuenak, Laia Marullek, hartzen du parte.

GARA

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo